Kilometroak 2015eko antolaketa lanetan parte hartzeko gonbita

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 18a, 00:00

Seigarrenean lortu dute. Beste udalerri batzuekin estu lehiatu ostean, 2015eko Kilometroak Usurbilen ospatuko dira. Bi urte barru, urriko lehen igandean burutuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia Udarregi Ikastola laguntzeko izango da. Ikastolatik aurreratu dutenez, aurten Tolosan ospatuko den Kilometroak ekimenaren ostean abiatuko dira antolaketa lanak. 2014an Orioren txanda izango baita, eta gero Usurbilena. "Oraindik Tolosan urrian izango diren Kilometroak 2013 pasa arte ez gara antolaketa horretan funtzionatzen hasiko, baina bai lerro hauek baliatu nahi ditugula ikastolarekin batera jaiaren antolaketan aritzeko eta ahalik eta herritar gehien parte hartzera animatzeko. Izan ere, egun horretakoa jai izugarri ederra izan baitaiteke!", adierazi dute Udarregi Ikastolako Artezkaritza Kontseilutik (kontseilu kideak, ondoko argazkian). 

2015eko Kilometroak ekimenetik jasotako laguntza baliagarritzat jotzen dute, "ikastolaren proiektuak arnas berria hartu eta aurrera egiteko, berritzeko, garai berrietara egokitzeko... finean herriko hezkuntzaren mesedetan etorkizun hobe bat eraikitzearen alde jarriko dugu lortuko dena!". Adierazpenok eta beste batzuk, datorren apirilaren 26ko astekarian jasoko ditugu.

Laskorain ikastolaren alde aurten
Tolosan eta “Ahora!” lemapean ospatuko da 2013ko Kilometroak. Aldarri hau aukeratu izanaren zergatia, web orrialde bidez azaldu dute antolatzaileek. "AHORA! mezua argia da: Euskara ahora erakarri behar da. Erabilera behar du euskarak. AHORA!  Polisemikoa da: Euskara... bihotzetik, ametsetatik, burutik, barru-barrutik, txokoetatik, apaletatik, ikasgelatik, museoetatik, gramatikatik, liburuetatik, teoriatik... AHORA ekarri behar dugu. AHORA! erabilera da, baina erabilera ez da ahoa bakarrik. Gure ahOak bunbuilo bat dauka: Gure ahoa KOMUNIKAZIOA da. Euskara Ahora, Eztarrira, Belarrira, Lagunartera, Sare Sozialetara, Kalera, ... Leloa logoa bihurtu dugu. Bertan txertatu. Lelogoa sortu. Leloak ustekabean, AHO BETE HORTZ, utz dezake hartzailea istant batez. Indartsua da. Zirikatzailea", adierazi dute kilometroak.net atarian. Web orrialde honetan bertan, salgai duten materialaren edota antolatzen ari diren ekimenen berri ematen ari dira.

Aurtengo edizioak, Tolosako Laskorain ikastola laguntzea izango du xede. Horretarako, besteak beste, bi kontu korronte zenbaki ireki dituzte, diruz lagundu nahi dutenek euren ekarpena egin dezaten:
KUTXABANK: 2095 5081 90 1064292492
EUSKADIKO KUTXA: 3035 0235 22 2350035198