Flashmob dantza grabatu zen Zubietan 2011n, iaz koloretako haize errota erraldoia eraiki zuten herritarrek Donostiako Zurriola hondartzan... Eta aurten adi ondoko irudiari. MunduMOB, "Gipuzkoako herriak zeharkatuko dituen ekimena" antolatzen ari dira zero zabor taldeak. Maiatzaren 4an Orendainen hasi eta ekainaren 8an Donostian amaituko den ekimen "ibiltaria" izango da. Tarte horretan beste hainbat udalerrietan burutuko da MunduMOB ekimena, baita noski, Usurbilen ere.
“Iraunkortasunaren mezua du oinarri, Mundua, aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea daukagu guztiok, eta eskubide hori berma dadin, hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra daukagu”, berri eman dute, MunduMOB herri honetan antolatzeaz arduratzen ari den Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldetik.
Aurkezpen ekitaldira joateko gonbita
MunduMOB zer den ezagutu nahi duzuenontzat, hitzordua antolatu dute UZZ-ko kideek, datorren astelehenean, apirilaren 22an, 19:30etan Potxoenean. “Herritar guztiak gonbidatuak zaudete aurkezpen ekitaldira”, adierazi dute antolatzaileek.
“Usurbildarrok 2011n Zubietan buruturiko Flash Mobean eta 2012ean Donostian eginiko Mosaiko Erraldoian erantzun eredugarria eman genuen, ehunka herritar gerturatuz. Kasu honetan ere ziur gaude horrela izango dela”, iragarri dute. Girotzen joateko, sartu Youtubeko helbide honetan, eta ikusi MunduMOB ekimenaren aurrerapen bideo bat:
http://www.youtube.com/watch?v=0UMFCgVUMMY&feature=player_embedded