Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Usurbilgo Ernaik

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 19a, 00:00

Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Ekaitz Ezkerra eta Egoi Alberdi gazteak atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean, Donostiako Bulebarreko Aske Gunean. Ehunka lagun ziren bertan atxiloketen unean. Goizeko 6:00etan hasi eta 10:00ak arte egon da Ertzaintza Bulebarrean. Bertan ziren lagunak banaka atera eta aipatu sei gazteak atxilotu ditu. Martuteneko espetxean direla berri eman dute. Zaurituak izan dira. Ertzaintzaren jarrera salatu dute.

Atxiloketen unean gertaturikoa eta atera dituzten argazkiak, sare sozialetan zabaltzen ari dira. Sare sozialak hain zuzen, egunotan sutan dira, atzotik, atxiloketa unea gertu zela jakin zenetik bereziki. Elkartasun eta salaketa mezuen bozgorailuan bihurtu da Twitter, edota Facebook. Azken orduotan, atxiloketen uneko hainbat argazki ere zabaldu dira. Eta tartean, aipatu moduan, atxilotuak izan diren gazteei zuzenduriko elkartasun mezuak, haserrea eta egoera bidegabe honen salaketak nagusi ostiral honetan. Usurbildarrena tartean. 

Azken orduotan, hainbat eragile eta herritar mintzatu baitira sare sozialetan, gai honen inguruan. Amaiur koalizioko diputatu Xabier Mikel Errekondok adibidez, "Izugarria euskal gaztediak emandako erakustaldia! Zirrara eta kemena!" zioen bere twitter kontutik. Ildo beretik mintzatu da Mertxe Aizpurua alkatea ere. "Eredugarria bizitzen ari garen Aske Gunea. Donostia, askatasunerako hiriburu", zioen atxiloketak gertatu aurretik. Itaya Gazte Asanbladako Facebook-eko orrialdean honakoa irakur zitekeen: "Aitaren etxea defendatuko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra... justiziaren kontra" Aitaren etxea eta neba-arrebak!!! animo @AskeGunea !". Gazteei helarazitako usurbildarren hainbat animu mezu, handik eta hemendik. 

Manifestazioa gaur, Martutenera martxa bihar
Usurbilgo Sortuk ere sare sozialen bidez, Aske Guneko gertakarien inguruko gertuko jarraipena egin du. Baita bihar jendaurrean aurkeztuko den Usurbilgo Ernai gazte erakundeak ere, Aske Gunera joateko deia egiten aritu da aurreko egunetan. Eta bertako berri ematen ere aritu da.

Donostialdeko gazteen atxiloketen ostean, mobilizazioak deitu dituzte egunotarako eta Usurbilgo Ernaik hitzorduotan parte hartzera ere deitzen du. Gaur arratsaldeko 19:00etarako manifestazioa antolatu dute. Donostiako Bulebarretik abiatuko da. 18:00etan autobus geltokian biltzeko deialdia egin du Ernaik, 19:00etan Bulebarren egoteko. Bihar Bulebarretik Martuteneko espetxera joateko martxa antolatu dute, goizeko 11:00etan. 10:00etan jarri du Usurbilgo Ernaik biltzeko hitzordua, autobus geltokian.

Ernai aurkeztuko da larunbat honetan
Egunotan iragarri moduan bestalde, Usurbilgo Ernai gazte antolakunde berria aurkeztuko da jendaurrean. Larunbat honetan 20:00etan frontoian. Aurretik, 19:00etan trikipoteoa abiatuko da Aitzaga paretik. Eta gaueko 23:00etatik aurrera, kontzertu gaua antolatu dute Usurbilgo Gaztetxean: Arto2xar edota Plan Dj, igoko dira bertako oholtza gainera.