Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, Foncalent espetxean elkartu dituzte

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 19a, 00:00

Urte eta erdiz bananduta egon ostean, Alacanteko Foncalent espetxean elkartu dituzte Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga euskal presoak. Herenegun, asteazkenean heldu zen Olatz, Patxi zegoen aipatu kartzela honetara. Orain arte, Brievako espetxean (Avila) egon baita Lasagabaster, 2011ko azaroaren 24an biak ezkondu eta gutxira, banandu zituztenetik. 

"Gorabehera administratibo ugari eta hainbat atzerapen pairatu ostean, 2011ko azaroaren 24ean ezkondu ziren han bertan eta handik aste gutxira banandu egin zituzten. Geroztik Olatz Brievako (Avila) espetxean izan da. Urte eta erdi honetan epaileari eskaerak behin eta berriz eskatzen aritu dira elkar ikusteko aukera eman diezaieten. Azkenean joan den martxoan onartu zieten eskaera eta orain biek ala biek Foncalenteko espetxean daude, Euskal Herritik 780 kilometrotara", berri eman du Usurbilgo Sortuk.

Patxi Segurolaren urtebetetzea gaur
Apirilaren 19 honetan urteak beteko ditu Patxi Segurola herritarrak. Bi urte darama konfinatua Autunen (Frantzia), "Euskal Herritik 810 kilometrotara". Usurbilgo Sortuk, usurbileginez.com web orri bidez adierazi moduan, "Urtebete bada Madrilek egindako estradizio eskaera onartua duela eta orain Frantziako Estatu Kontseiluak (Conseil d’Etat) berarekin zer egingo duen zain dago". Esan bezala, gaur da Patxiren urtebetetzea. Segurola zoriontzeko bi bide daude: patxiximio1@hotmail.com helbidera idatzita edo Facebook-eko helbide honetan: https://www.facebook.com/patxi.segurola

Irudia: Usurbilgo Sortu.