Liztor asiarraren inguruko argibideen berri, osteguneko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 22a, 00:00

Kezka eragiten jarraitzen du liztor asiarrak. Martxoaz geroztik maiatzera bitarte, “hasierako habiak” egiten baitituzte eta “horietako bakoitzeko erreginak beste habi bat egingo du, non 200 erregina inguru sortuko dituen”. Iaz gertatu bezala, datozen hileotan habiren bat ikusten badugu, udaltzaingoarekin harremanetan jartzera deitzen dute, gai honi lotuta Usurbilgo Udalak abiatu berri duen kanpainan. Eskuorriak banatuko dituzte etxeetan. Hasierako habi hau kentzeko zenbait gomendio ematen dituzte bertan; “eguzkia atera aurretik edo gorde ostean egin behar da”. Poltsa batean sartu, etxean izan dezakegun edozein intsektizida bota, 20 minutu itxaron, habia kendu eta habia suntsitu behar da. Egoera hauen aurrean nola jokatu zalantzarik duenak, argibide gehiagoren berri jaso nahi duenak gainera, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak hainbat udalekin batera hitzaldi sorta antolatu du inguruotako herrietan. Usurbilen, ostegun honetarako, apirilaren 25erako, 19:00etan Potxoenean. “Denen laguntza ezinbestekoa da”, ohartarazten dute antolatzaileek. Gogoan izan iaz, habi bat baino gehiago suntsitu behar izan zutela Usurbilen.