Kantu jira berezia, larunbateko Dantza Egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 22a, 00:00

Herrian dantzaren inguruan jarduten duten taldeak bilduko ditu, larunbat honetan, apirilaren 27an ospatuko den Usurbilgo Dantzaren Egunak. Egungo dantzariak, atzokoak, zaletuak, herritarrak... Antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dute jendea. 

Tartean, egitarau honen baitan ospatuko da apirileko kantu-jira. Saio berezia izango da honakoa; Dantza-Kantu-Jira. Ohiko hitzordua izango du, 19:00etan abiatuko da, frontoitik. Baina oraingoan, abesten eta dantzan aritzeko aukera egongo da, Kantu Taldetik berri eman dutenez: "19etan aterako da frontoitik, "7 jauzi" dantzatu ondoren. Bertan, pare bat abesti kantatu eta gero, DANTZA KANTU JIRA hasiko dugu. Beraz, kalean zehar, Kantua eta Dantza nahastuz ibiliko gara. Dantzak, MUXIKOak izango dira. Ggb, bi kantu eta Muxiko bat gunero".

Eguna, dantzan joango da
Lehenago, goizean, Kaxko inguruan barrena burutuko den kalejira batekin hasi nahi dute eguna. Dantza Taldea omenduko duen ekitaldi batekin emango zaio jarraipena. Arratsaldean, herriko dantza talde desberdinen emanaldiak ikusteko aukera izango da. Eta gauean, "Sorginetxe" izeneko ikuskizun berria estreinatuko dute frontoian. Bertan, besteak beste, 18 urtetik gorako herritarrekin aurten osatu den dantza talde berriak parte hartuko du, edota baita Zumarte Abesbatzak ere. Ikustekoa izango da.

Egun berean inauguratuko dute bestalde, Usurbilgo Dantza Taldearen erakusketa. Bertan, bilgune honi loturiko material desberdina ikusteko aukera egongo da, apirilaren 27tik maiatzaren 5era, 17:30-20:00 artean Sutegiko aretoan. Erakusketa horretarako materiala biltzen ari dira antolatzaileak. Edonork, argazki, bideo, dokumentazio, arropa edo bestelako materialik izan eta utzi nahiko balu, jar dadila harremanetan Dantza Taldekoekin; dantzataldea@usurbil.com helbidera email bat bidalita edo 650 422 601 telefono zenbakira deituta. Dantza Taldekoek bildutako materiala gainera, datorren urtean argitaratu asmo duten libururako ere baliatu nahi dute. Talde honen historia jasoko dute lan honetan. 

Tximeleta taldekoen topaketak
Tximeleta gimnasia erritmikoan aritzen diren taldeen arteko urteroko topaketak apirilaren 27an ospatuko dira aurten, Usurbilgo Dantzaren Egunean. Bi hitzorduak hilabete honetako azken larunbatean burutzekoak zirela ikusita, azkenean Dantzaren Eguneko estreinako edizioko egitarauan integratu dute aipatu ekimena. Goizez eta arratsaldez, maila desberdinetako taldeen erakustaldiak ikusteko aukera izango da Oiardo Kiroldegian. Eta euren jarduera ezagutzera ematez gain, lehiatuko dira baita. Alebin eta infantil mailako taldeak hain zuzen. Hona hemen, topaketa hauen egitaraua:


Egunean zehar, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeen topaketa Oiardo Kiroldegian:
10:00-11:30 Benjaminen topaketa.
12:00-13:30 Alebin eta infantilen lehiaketa.
13:30 Sari banaketa.
16:30-18:00 Benjaminen topaketa.

11:30 Kalejira trikitilariekin udaletxetik abiatuta, dantzara animatzen diren pertsona guztiekin.

12:30 Usurbilgo dantza ondarearen transmisio ekitaldia frontoian: Usurbilgo Dantza Taldearen lehena eta oraina lotuko dituen ekitaldia.


Ondoren,
 euskal dantzetako arropen erakusketaren irekiera Sutegin.

17:30 Usurbilgo Dantza Talde ezberdinen erakustaldia frontoian. Parte hartzaileak:
-Tximeleta soinketa erritmikoko taldeak.
-Dantza orientalen taldea, Warda Mallal irakaslearekin.
-Gaztetxeko dantzariak.
-Usurbilgo Dantza Taldea.
-Muxikoak.

19:00 Kantu jira, frontoitik abiatuta.

22:00 “Sorginetxe” ikuskizuna frontoian: Zumarte Abesbatza, Usurbilgo Dantza Taldea, Ixabel Agirresarobe eta Tximeleta Soinketa Erritmikoko taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna.