Odolaren Mintzoa taldekoen alde bozkatzeko, azken aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 22a, 00:00

Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartzen ari da egunotan, Odolaren Mintzoa herriko musika taldea. "Gaua" izeneko abestiarekin lehiatzen dabiltza, Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka eta Jokin Irastorza. Hogei postuko "ranking"ean, zazpigarren kanta bozkatuena dugu une honetan. Gogoan izan, 300 lan aurkeztu dira Gaztea irrati kateak antolaturiko txapelketa honetara. Horietatik 20 baino ez dira pasa bozketa fasera. EITB-ko web orrialdean sartu eta herriko taldearen alde bozkatzeko azken eguna dugu gaurkoa. Hemen helbidea:

http://www.eitb.com/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/

Bertan, "Gaua" abestian klikatu, datu pertsonalen formulario txiki bat bete eta kito. Botoa emateko azken eguna da gaur, aipatu moduan. Gaztea irrati kateak gaur gauean emitituko duen "B Aldea" saioan, Entzuleen Saria norentzat izan den iragarriko dute, baita bigarren talde bozkatuena nor izan den ere. "Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak jakinaraziko dituzte", berri ematen ari da, eitb.com ataria. 

Gaztea Maketa Lehiaketako final handia apirilaren 26an ospatuko da, Bilborock aretoan. Bertan, "bi talde edo bakarlari bozkatuenen eta epaimahaiak hautatutako beste hiru taldeen edo bakarlarien zuzeneko emanaldiak" ikusi eta entzun ahal izango dira. "Kontzertu horietan oinarrituta, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea aukeratuko dute epaimahaikideek", adierazi dute Gazteatik.