Espetxeratu berri dituzten gazteei elkartasuna adierazi die, Usurbilgo Ernaik

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 22a, 00:00

Larunbatean aurkeztu zuten Usurbilgo Ernai, gazte antolakunde berria. Bezperan, Donostiako Bulebarreko Aske Gunean atxilotu zituzten gazteen harira, lehen balorazioa egin du bilgune berriak.

Hauxe, NOAUA!ra igorri duten oharra: 

 "Donostiako gazte auziperatuak espetxeratzearen harira, Ernai Gazte Antolakundeak bere babesik handiena, besarkadarik bero eta sentikorrena adierazi nahi die bere senide eta lagunei. Haientzako gure animorik indartsuenak eta txalo zaparrada bero bat!!! 

Beste behin ere, azken asteetan, argi ikusi dugu espainiar Estatua eta bere morrontza lanetan dabilen PNV-k gatazkaren konponbidea blokeatzeko eginiko hautua. Kasu honetan, Donostiako 9 gazte espetxeratuz. Honi, atzo Ertzaintzak Aske Gunean erabilitako bortizkeria gehitu behar zaio, baita auziperatuez gain eginiko beste sei atxiloketak ere. 

Aske gunean eginiko herri-harresian beraien porrei elkartasunarekin erantzuten genien, mehatxuei auziperatuak maite genituela oihukatuz, beraien eraso bakoitzari kemen, maitasun eta indar gehiagoz erantzun zaie eta hauxe da bidea. Hauxe da bidea herri-harresia adreiluz adreilu osatu eta epaiketa politiko guztiekin bukatzekoa, ez baitiegu eramaten utziko. Epaiketa hauen helburua gatazkaren konponbidea blokeatzekoa baita eta hau ezin dugu inolaz ere onartu.

Izugarria izan da 12 egunez Donostiako Bulebarrean bizitakoa, sentitutakoa eta erakutsitakoa. Herri honek erakutsitako jarrera eredugarria izan da eta guztia posible dela argi geratu da. 

Epe motzean, beste hainbat gazte izango dira beren jardun politikoagatik epaituak, beste hainbat erakunde politikotako kideekin batera. Gatazkaren konponbidean urrats sendoak emateko, epaiketa politiko hauek eten behar ditugu. Ezin dugu espetxeratze gehiagorik onartu!!! Era berean, kartzelak hustu behar ditugu kaleak betetzeko, igerian, hegan edo oinez, traba guztien gainetik!!! Horretarako beharrezkoa izango da guztion parte-hartzea. Denon artean lortuko dugu!!!

Guk gure konpromisoa berresten dugu, ez baitago gure borrokarako gogoa eta grina gelditu dezakeen adinako indarrik!!!

Gora Donostiako gazteak!!! Gora euskal gazteria!!!"