Maiatzaren 1erako eskualde mailako manifestazioa deitu du LAB sindikatuak

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 22a, 00:00

Maiatzaren 1ari begira da jada Buruntzaldeko LAB sindikatua. Langileen Egunerako eskualde mailako manifestazioa deitu dute Hernanin, 12:00etan. Gudarien plazatik abiatuko da mobilizazioa, "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" lemapean. "Erreforma eta eraso guztiei aurre egiteko prest gaudelako eta hemen, Euskal Herrian eta Buruntzaldean alternatiba eraikitzen hasi garelako" LAB sindikatuko ordezkarien esanetan. Gaur aurkeztu dute mobilizazioa, aipatu sindikatuak Hernanin duen egoitzan. Hauxe bere osotasunean, agerraldian irakurri duten oharra:

"Urtez urte gobernuek eginiko erreforma desberdinen bidez krisi ekonomikoan sakotzen ari garen une honetan Maiatzaren 1ak berebiziko garrantzia hartzen du. Harturiko neurri guztiaren ondorioa da, langileak pobretzea eta honen kontura aberatsak aberatsago egitea, eskubideen murrizketa eta zerbitzu publikoen gutxitzearekin batera.

Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez ere hemengo agintariak ez dira atzean geratu. PNVk aurkezturiko aurrekontuak inoiz prestaturiko aurrekontu anti-sozialenak dira honek ekarriko dituen ondorio guztiekin; negoziazio kolektiboarekin, patronal pribatuaren eredu izan beharko lukeen administrazio publikoak funtzionarioen lan baldintzak dekretu bidez onartu ditu negoziazioari lekurik utzi gabe.

Eskualdeko egoerari erreparatzea besterik ez dago neurri hauen ondorioak ikusteko:

2008ko abenduan 2979 langabetu egotetik, gaur egun 4855 langabetu egotera pasa gara %15,43ko langabezia tasarekin.

Langileen lan baldintzetan atzera pausu izugarriak ERE bidez, lan baldintzen oinarrizko aldaketen bidez... gobernuek, patronalari bere neurrira eginiko tresna guztiak eskura utzi baitizkie. Eskualdeko langileriaren zati handiena hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan dago negoziazio kolektiboan lan harremanak desarautzeko bidean sakontzeko egoniko erreformen ondorioz.

Honi guztiari aurre egiteko hainbat borroka egin ditugu, eta orain ere borrokan gaude; horregatik aukeratu dugu aurtengo Maiatzaren 1erako "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" leloa. Erreforma eta eraso guztiei aurre egiteko prest gaudelako eta hemen, Euskal Herrian eta Buruntzaldean alternatiba eraikitzen hasi garelako:

Burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu. Eredu sozial berri baten eraikuntzan, burujabetza ezinbesteko elementua dugulako.

Aberastasun banaketan oinarrituko den lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzen dugu Euskal Herrian.

Testuinguru honetan eta aldarrikapen hauekin ere Maiatzaren 1eko aldarrikapenak eskualdera ekartzea erabaki dugu. Langileriaren borrokarako eremuan, gertuko gatazkei erantzunez, alternatiba eskualdetik eraikiz.

Hernaniko Gudarien plazatik eguerdiko 12:00etan abiatuko da manifestaldia. 

Langile, batu gure borrokara!

BORROKATU, MATXINATU ETA IRAULI EUSKAL HERRIA"