“Hartu eman nahi duzun mundua”. Mezu hauxe zabaldu nahi dute oraingoan, 2011n Zubietako Flashmob ekimena edota iaz, koloretako haize errota erraldoia irudikatzen zuen mosaikoa eraikitzeko ekimena antolatu zuten Gipuzkoako zero zabor taldeek. Aurten, duela bi urte bezala, dantza koreografiatu baten eskutik eta eskuz esku ibiliko den mapamundi baten laguntzaz, MunduMOB izeneko ekimena prestatzen dabiltza. Herri desberdinetan ospatuko da, Usurbilen maiatzaren 11n.
Hitzordu berezi hau, atzo aurkeztu zuten jendaurrean, Potxoenean. MunduMOB ekimenaren bidez, aldarrikapen bat lau haizeetara zabaldu nahi dute antolatzaileek; “mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinetan jasotzeko eskubidea dugula guztiok, baina aldi berean eskubide hori berma dadin, guk ere betebehar bat dugula: ondorengoei baldintza berdinetan uztearena”.
Erronka honen bueltan, Gipuzkoako hainbat herrietan MunduMOB ekimen berria prestatzeko lanetan murgilduak daude. Ekimen hau hainbat herritan ospatuko da, maiatzaren 4tik ekainaren 8ra bitarte. Orendainen egingo da estreinakoz hilaren 4an, eta Donostian emango zaio amaiera ekainaren 8an. Bi lekuok apropos hautatu dituzte antolatzaileek. “Orendainen hasiko gara, eta ez da kasualitatea, zero zabor herria izan eta helburu horretara iristeko pausoak eman dituen herria delako. Non amaitzen da? Donostian, gaur egun Gipuzkoako, kopuru aldetik zabor sortzaile handiena den hirian. Beraz irtenbidean hasi eta arazoan bukatzen da”, berri eman zuten Potxoenean.
Maiatzaren 11n, Usurbilen
Hemen, Usurbil Zero Zabor ari da, ekimena bideratzeko zereginetan. Aipatu moduan, MunduMOB dantza koreografiatu bat izango da. Aurreko bi urteetan falshmob eta mosaiko erraldoiaren ekimenek izandako harrera ikusita, “ziur gaude orain ere MunduMOB ekimenak erantzun paregabea izango duela” diote antolatzaileek. Maiatzaren 11n helduko da MunduMOB Usurbila.
Ordurako dena prest izateko prestaketa lanak aldez aurretik egingo dira. Entsegu saioak antolatu dituzte frontoian. Saiook gidatzen bi herritar arituko dira; Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta. Antolatzaileek parte hartzera deitzen dute. Jarraian, MunduMOB ekimenari lotuta asteotarako antolatu diren hitzorduak. Hauez gain, larunbateko Dantza Egunean eta maiatzaren 5eko Andatza Egunean ere antolatzaileek bertan egoteko asmoa dute. Egunotan zabalduko dituzte tutorialak, abestiko musika, letra… MunduMOB prestatzen joateko, adi beraz www.gipuzkoazz.com web orrialdeari. Bertan jada zintzilikatu dute, Ibarran eta Bergaran egin diren aurre entsegu saioen bideoa.
Hauek dira momentuz, maiatzaren 11ko MunduMOB ekimenari begira, Usurbilen deitu dituzten hitzorduak:
Apirilak 24, asteazkena
18:30 MunduMOB ekimenari begira, ekarpenak edo proposamenak biltzeko bilera irekia, Potxoenean.
Maiatzak 3, ostirala
19:00 Herri eragileen atximendua ikusarazteko ekitaldia eta lehen entsegua frontoian.
Maiatzak 10, ostirala
19:00 Bigarren entsegu saioa frontoian.
Maiatzak 11, larunbata
18:00 Mundumob ekimenaren grabazioa.