Usurbilen, Kaxkoan bertan banatuko dira aurtengo CAF-Elhuyar Sariak, ostegun honetan, apirilaren 25ean 18:00etan, frontoian ospatuko den ekitaldian. “Usurbilek jakingo du, lehenego eskutik beraz, zeren inguruko dibulgazio-lanak saritu ditugun aurten, eta zeren inguruan arituko den urte betez 'zientzia-gizartean sorkuntza-beka' irabazten duenak edo dutenek”, berri eman dute antolatzaileek. Dena prest dute jada, “lanak jaso dira, epaimahaiak ebatzi du”. Irabazleen izen abizenak jakitea baino ez da falta orain.
Sari banaketarako Usurbil hautatu dute, “izan ere, zientzia gizarteratzeko bokazio horretatik, garrantzitsua iruditu zaigu Elhuyar bera dagoen herrira hurbiltzea, eta Usurbilgo bistanleekin partekatzea zertan gabiltzan. Eta aurten abiatu dugun beka berriarekin erabat koherente gainera, neurri batean behintzat, gure egoitza dagoen herrian eragin nahiko genuke. Badakigu, gainera, mugitzen den herri bat dela Usurbil, eta guk sustatu nahi dugun elkarrekintza eta sorkuntza ematen direla Usurbilen. Potxoenea bera martxan jartzeko prozesua datorkigu burura, edo Usurbilen parte-hartze bidez ematen ari diren hainbat eta hainbat ekimen”. Etzi burutuko den sari banaketa ekitaldira gonbidatzen dituzte herritarrak.
Saritu bat gehiago aurten
Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea, horiek dira 1994. urtean sortu ziren CAF-Elhuyar sarien helburuak. Orain arte sariketan bi kategoria nabarmendu dituzte: Dibulgazio–artikulu originalak eta Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Aurtengo edizioan, kategoria berri bat erantsi dute: Zientzia gizartean sorkuntza-beka. “Beka horren bidez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuei lagundu nahi die sariketak. Proiektuen izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan daiteke, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izan behar du haien muinak”, adierazi dute antolatzaileek. Lehiaketara lanak aurkezteko epea urtarrilaren 31n itxi zuten. Ostegunean banatuko dira sariak.
Irudia: Elhuyar.