Gaur ere, Liburuaren Eguna Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 23a, 00:00

Apirilak 23 ditu gaur, Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko eguna. Sutegi udal liburutegikoek sare sozialetan zintzilikatu duten mezua aintzakotzat hartuta halere, "gaur ERE Liburuaren Eguna". Martxan duten blogetik gogorarazten dutenez, Cervantes, Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vegaren heriotzaren urtemuga dugu astearte honetan, "1616ko apirilaren 23an hil baitziren". 

Halere, apirila liburuaren hilabetea dela gogorarazten dute Sutegitik. Hilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko eguna ospatu baitzen, "Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaioteguna gogoratuz".

Gogoan izan, Sutegi udal liburutegiak duen eskaintza herritarrengana gerturatzeko jauzia eman zuen joan den udazkenean. Blog batean duten katalogoa, liburutegiari loturiko albisteak edota erabiltzaileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat esteka bildu dituzte. Gainera, Facebook eta Twitterren ere bere tartea du udal liburutegiak. Hona hemen, Sutegirekin hartu emanetan jartzeko dauden bide berri eta desberdinak:

 

Telefonoa: 943 360 692.

E-posta:  biblioteka@usurbil.net

Bloga: liburutegiak.blog.euskadi.net/usurbil/

Facebook: Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia

Twitter: twitter.com/usurbib

Youtube: youtube.com/sutegi05

Euskarri digital berriak
Sutegi udal liburutegiak berrikuntza gehiago ere txertatu zituen. Sareko kontsultetarako edota hainbat lan egiteko ordenagailu eramangarri bat jarri zuten. Baita bi liburu elektroniko ere. "Liburu elektroniko bakoitzak 400 dokumentu baino gehiago ditu, nobelak gehienbat, baina baita gai desberdinei buruzko liburuak ere. Klasikoak eta egile eskubideez libre diren dokumentuak", berri eman zion NOAUA!ri Bakartxo Iguaran udal liburutegiko langileak. 

Bi liburu elektronikoak mailegagarriak dira. Nortasun agiria eta araudi orri bat sinatuz gero, 30 egunetarako mailegatu ditzakete 16 urtetik gorako herritarrek.