Larunbatean aurkeztu zuten Usurbilgo Ernai, gazte antolakunde berria. Bezperan, Donostiako Bulebarreko Aske Gunean atxilotu zituzten gazteen harira, lehen balorazioa egin du bilgune berriak: "Ernai Gazte Antolakundeak bere babesik handiena, besarkadarik bero eta sentikorrena adierazi nahi die bere senide eta lagunei. Haientzako gure animorik indartsuenak eta txalo zaparrada bero bat!”. Bulebarrean bizitakoa eta herriak erakutsitako jarrera eredugarria izan dela diote.
“Aske gunean eginiko herri-harresian beraien porrei elkartasunarekin erantzuten genien, mehatxuei auziperatuak maite genituela oihukatuz, beraien eraso bakoitzari kemen, maitasun eta indar gehiagoz erantzun zaie eta hauxe da bidea. Hauxe da bidea herri-harresia adreiluz adreilu osatu eta epaiketa politiko guztiekin bukatzekoa, ez baitiegu eramaten utziko”, adierazi du Usurbilgo Ernaik. Aldiz, espainiar estatuaren eta EAJ-PNVren jarrera gaitzesten dute. Gatazkaren konponbidea blokeatzeko hautua egin dutela salatzen dute, “Donostiako 9 gazte espetxeratuz. Honi, Ertzaintzak Aske Gunean erabilitako bortizkeria gehitu behar zaio, baita auziperatuez gain eginiko beste sei atxiloketak ere”. Laster, gazte gehiago izango dira epaituak. “Horretarako beharrezkoa izango da guztion parte hartzea”, ohartarazi dute. Epaiketa politiko hauek eten beharrak daudela diote, helburu bakarra baitute, “gatazkaren konponbidea blokeatzekoa eta hau ezin dugu inolaz ere onartu”.