Maiatzaren 11n grabatuko den MunduMOB ekimenaren hitzordua gerturatu ahala, zehaztasun gehiagoren berri ematen ari dira antolatzaileak. Besteak beste, mapamundi baten irudia protagonista izango duen dantza koreografiatu honetako abestiaren letra ezagutzera eman dute jada. Hitzak, Jon Maiak idatzirikoak dira. Abestiak dioena, hemen duzue:
Gugan bizitza gugan
gure eskutan
loratzean
Nun gu, gu garen mundu
mundu segundu bakoitzean
Bere lur azalean
gure gorputzean
Pasa bizi arnasas
eskuetatik
eskutara
Jende, kultura, mende
guztiak gure
eskuetan
Auzo, mendi, itsaso,
zeru ta baso
guztietan
Jaso dugun mundua
datozenei pasa
Pasa bizi arnasa
eskuetatik
eskutara
Hitzak: Jon Maia.
Lehen entsegua, maiatzaren 3an
MunduMOB prestatzeko entseguak ere antolatu dituzte jada. Lehenengoa, maiatzaren 3rako, 19:00etan frontoian. Deialdi honi lotuta, Itaya Gazte Asanbladatik berri eman dutenez, egun horretarako, maiatzaren 3rako deitua zuten kutsaduraren aurkako elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki dute. "Maiatzak 3ko "Ucinek gure osasunarekin jolasten du" lemapean antolatua zegoen kontzentrazioa bertan behera geratu da egun berdinean "MunduMOB" ekitaldirako entsaioa antolatu delako arratsaldeko 19:00tan", ohartarazi dute.
MunduMOB ekimenaren bidez aldarrikapen hau lau haizeetara zabaldu nahi dute antolatzaileek: “mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinetan jasotzeko eskubidea dugula guztiok, baina aldi berean eskubide hori berma dadin, guk ere betebehar bat dugula: ondorengoei baldintza berdinetan uztearena”.