Ikurriña omenduko du Udalak, maiatzaren 4an

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 25a, 00:00

Beste hainbat herrietan gertatzen ari den moduan, auzitegien aginduz bandera espainiarra jartzera behartu dute Usurbilgo Udala. Erabaki hau Udalaren eta herritarren gehiengoaren borondatearen aurkako inposiziotzat jo dute gobernu taldetik. Honen aurrean, ikurriña omentzeko ekitaldia antolatu dute, maiatzaren 4rako, 13:00etan udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan.

“Bete behar dugun sententzia bat da. Legearen indarrez eta indarraren legeaz gauzatuko den erabaki bat da. Gure gogoaren kontra, herritar gehienen gogoaren eta nahiaren kontra izango da, baina bete beharra dugula aitortu behar dugu. Bestela badakigu zer datorren”, adierazi dio NOAUA!ri Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak.

Atzera bueltarik ez duen epaia da aipaturikoa, irmoa beraz, helegiterik aurkezteko aukerarik ematen ez duena. Udalak fatxadan bandera espainiarra jartzeko agindua, ez da gaurkoa, 2011ko azarokoa. Espainiar Gobernuko Delegaritzatik heldu zen agindua, Carlos Urquijoren eskutik. Udalak agindua aintzakotzat hartu ez zuenez, Udalaren aurkako prozedura judiziala zabaldu zuten aipatu delegaritzatik. “Aipatzen ziren argudioa guk errekurritu genuen. Eta errekurtso horren ondoren, sententzia diktatu zuen Donostiako 3. zenbakiko epaitegiak: Sententzia honetan esaten dena da Udaletxea behartuta dagoela fatxadan bandera espainola jartzera, legeak horrela agintzen duela eta behartuta gaudela. Eta hori ez badugu betetzen, isun batez gain, alkatea inabilitatua izango litzateke”, gaineratu du.

Epaiaren berri urte hasieran izan zuten, baina Udalak helegitea aurkeztu zuen. “Bilboko auzitegi nagusian jarri genuen helegitea. Eta hori da laster ateratzear dagoen sententzia”, berri eman dute Udaletik. Epai hau bai, irmoa izango da, ezingo da helegiterik tartekatu. Honenbestez, Udalak epaia kaleratu eta egun batzuetako tartea izango du, “bandera espainiarra udaletxeko fatxadan jartzeko”.

Ikurriñaren ibilbideari aipamena
Inposaketa honen aurrean, ikurriña omentzea erabaki du Udalak. “Ikurriñak errekonozimendu bat merezi zuela pentsatu dugu eta behar zuen tokian omenaldi bat egitea. Eta neurri horren kontra gure eta herri honen jarrera adierazteko da omenaldi horren esanahia”, Aizpuruaren esanetan.

Besteak beste, 1977. urtean San Sebastian bezperan, beste herrietan bezala, Usurbilen ikurriña legeztatu zeneko ekitaldia ekarriko da gogora. “Ordutik hona zer ibilbide izan duen eta zer suposatu duen ere presente izango dugu”, gaineratu dute gobernu taldetik.

Bandera bat baino gehiago baita, “sentimendu asko dituen ikur bat da, gerra garaitik hasita gaur arte. Ekitaldi emotibo eta polita izango dela uste dugu”.

Balkoietan ikurriña jartzeko deia
Gobernu taldetik aurreratu dutenez, “Ikurriña behar duen lekuan jarriko dugu. Eta era iraunkor batean geldituko da ikurriña ikusgarri, Usurbilgo herriak ikus dezan, Udalaren aurrean zein den gure eta euskaldunon ikurra. Behar eta merezi duen omenaldia egingo diogu. Herri osoak parte hartzea nahiko genuke”.

Udaletxe aurrean bakarrik ez, maiatzaren 4an etxeetako balkoietan ikurriña jartzera deitzen dituzte herritarrak, “udaletxe aurrean egingo den ekitaldi puntual bat izan ez dadin, ikurriñaren aldeko herri osoaren jarrera baizik”.

Mozioa, “inposaketa” salatzeko
Ikurriñari egingo zaion omenaldiaren aurretik, mozio bat aurkeztuko du gobernu taldeak, datorren asteartean, apirilaren 30ean, arratsaldeko 18:00etan hasita burutuko den osoko ohiko bilkuran, “inposaketa salatuz eta ikurriña gure bandera dela azpimarratuz”.