"Ilargipean" banatu dituzte CAF-Elhuyar Sariak

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 26a, 00:00

Ondoko irudikoak dira, aurtengo CAF-Elhuyar Sariak jaso dituen lagun taldea. Atzo burutu zen sari banaketa ekitaldia, frontoian eta Sutegiko erakusketa aretoan. Berrikuntzekin gainera. Batetik, Elhuyar Fundazioaren logotipo berria "ekitaldiaren erdigunean" jarri zuten. Frontoian, sabaitik zintzilikatuta, eta harekin dantzan aritu zen Maider Yabar dantzaria. Berak eman zion hasiera hitzorduari. Elhuyarrek duen irudi berria, ilargi bat da hain zuzen, "hazten ari den ilargi bat, babesten gaituena, baina inguruan eragitera behartzen gaituena". 

Aurtengo ediziorako gainera, "Eragin elkarrekintza!" lema hautatu dute. Atzoko ekitaldian islatu nahi izan zuten aldarri hau. "Geure hitzen jabe egin, eta lehenbiziko aldiz, ekitaldia Usurbilgo herrira eramatea erabaki dugu, Usurbilgo herritarrekin eta gure inguruarekin elkarlana eta elkarreragina bultzatzeko".

Eta bada gehiago ere. Beste berrikuntza bat, kasu honetan, CAF-Elhuyar Sarietara aurkeztu diren lanak, kategoria berri batean lehiatzeko aukera izan dute aurten, "Zientzia Gizartean Sorkuntza Beka" izenekoan. "Horren bidez, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarreragina sortuko duten proiektuei laguntzea dugu helburu", berri eman dute Elhuyar Fundaziotik. 

Edozein kasutan, berrikuntzak berrikuntza, atzoko ekitaldian, sarituak izan ziren protagonistak. Hauek dira beraz, kategoria bakoitzean, aurtengo CAF-Elhuyar Sariak irabazi dituztenak:

ZIENTZIA GIZARTERA SORKUNTZA-BEKA
Izenburua: "Balio berriz balio".
Egileak: Arlette Apraiz Eizagirre, Doltza Oararte Torrealdai, Jaione Ortiz de Zarate, Maider Amutio Izagirre, Nerea Andres Arribalzaga eta Oihane Enbeita Gardoki.
Saria: 5.000 euro aurkeztutako proiektua gauzatzeko.

ZIENTZIA-KAZETARITZAREN ARLOKO SARIA
Izenburua: "Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa".
Egilea: Gorka Zabaleta Lopetegi.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

EGILEAREN DOKTORE-TESIAN OINARRITUTAKO DIBULGAZIO-ARTIKULUAREN SARIA
Izenburua: "Ijitoen jatorria, DNAn islatua".
Egilea: Isabel Mendizabal Ezeizabarrena.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

DIBULGAZIO-ARTIKULU OROKORRAREN SARIA
Izenburua: "Galaxiek topo egiten dutenean".
Egilea: Miguel Querejeta Perez.
Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

MEREZIMENDU SARIA
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea.

Irudia: Elhuyar.