"1. Sagastiak Loretan ospakizuna" hasteko, ibilaldia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko api. 26a, 00:00

Larunbat honetan burutuko da, "1. Sagastiak Loretan" ospakizuneko lehen ekitaldia. Sagasti loretuetan barrena ibilaldia antolatu da, Jakoba Errekondo paisajistarekin. Ibilaldia abiatzeko hitzordua, goizeko 9:30etarako finkatu da, Alkartasuna Kooperatiban. 

"Gure asmoa da, Usurbilen ditugun sagasti batzuk bisitatzea eta ez sagastiak bakarrik, sagasti horien inguruneaz, hau da Usurbilgo paisaia orokorrean ezagutzen hastea. Duela gutxi, Itayak sustatuta, Andatzako basoak ezagutzeko ibilbide bat antolatu zen. Bertan behera geratu zen eguraldiaren kaxkarragatik. Baina gure asmoa da, hortik segitzea. Sagastiak Loretan ospakizun honen barruan gure asmoa da sagastietaz hitz egitea, bere testuinguruaz, paisaian nola txertatzen diren, sagastiak nola sortzen diren, nola funtzionatzen duten. Zehaztu gabe dago ibilbidearen nondik norakoa. Baina jendea animatu nahi nuke, inguruan dugun paisaiari beste begi batzuekin begiratzea, ikasteko aukera polita izango baita", berri eman dio NOAUA!ri Jakoba Errekondok. 

Elkarlanean
Sagarrondoen loraldiari gorazarre egin asmoz, antolatu da asteotarako "1. Sagastiak Loretan" ospakizuna  Usurbilen. Egitarau zabala prestatu du, elkarlanean jardun duen eragile talde batek. Antolakuntza lanetan parte hartu dute hain zuzen, Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak elkarteak; Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak; NOAUA! Kultur Elkarteak; Usurbilgo Sagastia E.M.; Itaya Gazte Asanbladak; Aitzaga Elkarteak; Sagardoa eta Sagarra Unibertsitateak; eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.

Egitarau osoa, hemen: 


1. SAGASTIAK LORETAN OSPAKIZUNA
SAGARRONDOEN LORALDIAREN GORAZARRE EKIMENA USURBILEN

 

Apirilak 27, larunbata

9:30 Sagasti loretuetan barrena ibilaldia, Jakoba Errekondo paisajistarekin. Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatibatik abiatuta. 

 

Maiatzak 7, asteartea

19:30 "Usurbilgo sagastien inbentarioa eta sagar ekoizpena" ikerketaren aurkezpena Potxoenean, Leire Jauregi Nekazaritza Ingeniariaren eskutik.

Maiatzak 15, asteazkena
San Ixidro Eguna.

 

Maiatzak 18, larunbata

17:00 Berreskuratutako XVI. mendeko dolare-baserria ezagutzeko bisita gidatua Aginagako Saria baserrian, Luis Alberdi arkitektoa eta Jakoba Errekondo paisajistaren eskutik.  

 

Maiatzak 19, igandea

XXXII. Sagardo Eguna, Usurbilgo plazan, egun osoz. Sutegin "Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak" erakusketa.

 

Maiatzak 23, osteguna

19:30 Usurbilgo sagarkien dastaketa ikastaroa Aitzaga Elkartean: sagar-dultzea, muztioak eta sagardoak... 

 

Ekainak 1, larunbata

9:00 Sagastien udako inausketa ikastaro teorikoa eta praktikoa Potxoenean, Aitor Etxeandia Nekazaritza Ingeniariaren eskutik.

 

Elkarlanean:
-Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak elkartea.
-Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Usurbilgo Sagastia E.M.
-Itaya Gazte Asanblada.
-Aitzaga Elkartea.
-Sagardoaren Unibertsitatea.
-Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea.
-Hurbilago.
-Usurbilgo Udala.