Dantzariak, dantzari ohiak, herriko dantza taldeak, herritarrak... Kaxkoa dantzaleku izango dugu larunbat honetan, egun osoz. Usurbilgo Dantzaren I. Eguna ospatuko da eta, apirilaren 27 honetan. Herrian dantzaren inguruan jarduten duten taldeak bilduko ditu, biharko jaialdiak. Egungo dantzariak, atzokoak, zaletuak, herritarrak... Antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dute jendea. Goizetik hasita gauera arte giro polita izango dela ziur.
Kaxko inguruan barrena burutuko den kalejira batekin hasiko dute eguna. Dantza Taldea omenduko duen ekitaldi batekin emango zaio jarraipena. Arratsaldean, herriko dantza talde desberdinen emanaldiak ikusteko aukera izango da. Eta gauean, "Sorginetxe" izeneko ikuskizun berria estreinatuko dute frontoian. Bertan, besteak beste, 18 urtetik gorako herritarrekin aurten osatu den dantza talde berriak parte hartuko du, edota baita Zumarte Abesbatzak ere. Ikustekoa izango da.
Hona hemen, Usurbilgo Dantzaren I. Eguneko egitaraua:
Egunean zehar, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeen topaketa Oiardo Kiroldegian:
10:00-11:30 Benjaminen topaketa.
12:00-13:30 Alebin eta infantilen lehiaketa.
13:30 Sari banaketa.
16:30-18:00 Benjaminen topaketa.
11:30 Kalejira trikitilariekin udaletxetik abiatuta, dantzara animatzen diren pertsona guztiekin.
12:30 Usurbilgo dantza ondarearen transmisio ekitaldia frontoian: Usurbilgo Dantza Taldearen lehena eta oraina lotuko dituen ekitaldia.
Ondoren, euskal dantzetako arropen erakusketaren irekiera Sutegin.
17:30 Usurbilgo Dantza Talde ezberdinen erakustaldia frontoian. Parte hartzaileak:
-Tximeleta soinketa erritmikoko taldeak.
-Dantza orientalen taldea, Warda Mallal irakaslearekin.
-Gaztetxeko dantzariak.
-Usurbilgo Dantza Taldea.
-Muxikoak.
19:00 Kantu jira, frontoitik abiatuta.
22:00 “Sorginetxe” ikuskizuna frontoian: Zumarte Abesbatza, Usurbilgo Dantza Taldea, Ixabel Agirresarobe eta Tximeleta Soinketa Erritmikoko taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna.