Larunbatean Mundumob aurkezteko antolatzaileek Zubietako frontoian burutu zuten agerraldian, dantza koreografiatuaren pausoak ere zeintzuk izango diren ezagutzeko aukera egon zen. Dakizuenez, Zero Zabor taldeek herriz herri burutuko den Mundumob izeneko ekimena antolatu dute. Larunbat honetan, maiatzaren 4an hasiko da Orendainen, antolatzaileen esanetan, "Gipuzkoako herririk handienean. Ondo esan dut bai. Handitasuna ez da bakarrik metro karratutan edo biztanle kopuruaren arabera neurtzen. Guk, handitasuna, herritarren bihotzetan eta konpromisoan neurtzen dugu, eta horretan ez daukagu zalantzarik orendaindarrak eredu direla Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Lehenengo Zero Zabor herria dugu. Hondakin organiko guztia herrian tratatzen dute ongarri bihurtuz. Ez dute beste herrietara organiko tona bakar bat usteltzera bidaltzen. Mundumob-en hasiera Orendainen eginez, guzti horren aitortza egin nahi dugu".
Hainbat udalerri zeharkatu ostean, Mundumob ekainaren 8an amaituko da, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako ekimenarekin. "Bukaera ere Gipuzkoako herririk handienean egingo dugu. Oraingoan bai, biztanle kopuruari begira. Handiena baita ere sortutako zabor kopuruari begira. Praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Guk gure ekarpena egin nahi diogu izendapen horri. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostia Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egingo diogu amaiera han emanda", adierazi zuten larunbatean, Mundumob ekimeneko antolatzaileek Zubietan eskaini zuten prentsaurrekoan.
Maiatzaren 11n, Usurbilen
Orendainen hasi, Donostian bukatu. Eta tartean, gogoan izan, besteak beste, Usurbilen, maiatzaren 11n arratsaldeko 18:00etan burutuko da Mundumob ekimena. Gainerako herrietan bezala, "Eman hartu nahi duzun mundua", iraunkortasunari loturiko lemapean. Antolatzaileek larunbatean Zubietan ziotenez, "herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumob-en helburua. Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra".
Aldarrikapen hau mundu bola batek irudikatuko du, eta herritarrek egin ahal izango duten dantza koreografiatu batek. Aipatu moduan, Zubietan herenegun egin zuten entsegua. Mundumob ekimenean parte hartu asmo duzuenok adi, Usurbilen burutuko diren entseguei. Datozen bi ostiral hauetan, hau da, maiatzaren 3an eta 10ean, 19:00etatik aurrera frontoian hitzordua duzue. Bertan egingo dira dantza koreografiatua prestatzeko saioak, Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta herritarren gidaritzapean.
Zubietako 2011ko flashmob-arekin egin bezala, Mikel Erguinek sortu du Mundumob ekimeneko koreografia. Egunotan, dantza berri honen pausoak erakusten dituzten bideoak zintzilikatuko dira sarean, nork bere kontutik dantza prestatzeko aukera izan dezan. Adi beraz baita, www.gipuzkoazz.com web orrialdeari ere.
Abestia
Dantza koreografiatua egiteko abesti bat sortu dute elkarlanean hainbat aurpegi ezagunek. Hemen duzue Mundumob ekimeneko abestiaren letra:
Gugan bizitza gugan
gure eskutan
loratzean
Nun gu, gu garen mundu
mundu segundu bakoitzean
Bere lur azalean
gure gorputzean
Pasa bizi arnasas
eskuetatik
eskutara
Jende, kultura, mende
guztiak gure
eskuetan
Auzo, mendi, itsaso,
zeru ta baso
guztietan
Jaso dugun mundua
datozenei pasa
Pasa bizi arnasa
eskuetatik
eskutara
Kantua: Karlos Gimenez.
Hitzak: Jon Maia.
Ahotsa: Jabi (Ze Esatek) eta Ines Osinaga.
Teknikaria: Mikel f. Krutzaga.
Koreografia: Mikel Erguin.