Txipiroiak pelaio erara, txipiroi beteak, txipiroiak urdaiazpikoarekin eta tenpuran… Eta txipiroidun mokadu gehiago ere dastatu ahal izango dira igande honetan, maiatzaren 5ean Txiriboga, Aitzaga, Bordatxo, Artzabal eta Txapeldun tabernak lotuko dituen Tipi-Tapa egitasmoan. Ibilbide gastronomikoaren seigarren edizio honetan ere, pintxoa eta edaria (urteko ardo zuri, gorri edo beltza, txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo ura) 2 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Edo pintxoa bakarrik, 1,5 eurotan. Zizka mizkak eskatzen joan ahala, ez ahaztu eskura duzuen Hurbilago Txarteleko zigiluak lortzen joatea.
Bost tabernetako zigiluak eskuratu ostean, txartela, Hurbilago Elkartearen egitasmo honetan parte hartzen duten bost edaritegiotan egongo den kaxetan utzi dezakezue. Hartara, hilabete barru, ekainaren 2an ospatuko den 300 euroko erosketa balearen zozketan parte hartu ahal izango duzue.
Tabernariak bezeroei sukaldean prestaturiko hamaiketako goxo askoak zerbitzatzeko prest dira. Pello arrandegian ateratako ondoko argazkian dituzue, txipiroiak protagonista izango dituen datorren Tipi-Tapa iragartzen.
Irudia: Hurbilago.