Joan den ostiralean Auzitegi Nazionalak Ernai gazte antolakundearen web orrialdea ixteko agindua eman zuen. Eloy Velasco epailearen ustez, Xabier Lopez Peña omendu eta "terrorismoa goraipatzeagatik". Polizia espainolari web orria indargabetzeko agindua eman zion. Horren harira gainera, web orrialdeko arduradun Aitor Ortuondo inputatu gisa deklaratzera deitu dute maiatzaren 9an.
Epai hau onartezintzat jo du Usurbilgo Ernaik. Honako balorazioa egin dute, Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren inguruan:
"Ostiral eguerdian jakin genuenez, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Ernai gazte antolakundearen webgunea isteko agindua eman dio poliziari, ustez Xabier Lopez Peña Euskal Preso Politikoa ohoratu eta hala “terrorismoa goratzeagatik”. Adierazpen askatasunaren aurkako gertakari larri honen aurrean zera adierazi nahi du Ernaik:
Espainiako Gobernua konponbide prozesua blokeo egoeran mantentzeko ahaleginak eta bi ari da egiten. Iraganeko garaien eta errezeten yonky dira Rajoy eta enparauak. Euskal jendarteak, gatazka behin betiko konpontzeko urrats positiboak exijitzen dituen artean, Madrilen eta Parisen beste aldera begira jarraitzeko hautua egin dute. Konponbide prozesuaren aurrean duten jarrera arduragabe horren ondorioz erail zuen Xabier Lopez Peña Euskal Preso Politikoa espetxe politika kriminalak.
Eta bitartean gainera, egoera horiek salatzeagatik eskubideak sistematikoki urratzen jarraitzen dute Estatuko aparatu guztiek, ezker abertzalea kriminalizatuz bere posizioa ahuldu nahian. Hobe luke Espainiako Gobernuak arduragabekeriak alde batera utzi eta konponbidearen aldeko urratsak emango balitu. Salbuespen legedia bertan behera utziz eta Auzitegi Nazionala itxiz esate baterako.
Ernai konponbide prozesuak aurrera egin dezan lan egiten jarraitzeko konpromisoan berresten da. Hori baita Euskal Herriko gazteriak nahi duena. Hori baita Euskal Herriko jendarteak exijitzen diguna. Eta horretarako, antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da bidea".
Maiatzaren 1eko mobilizazioekin bat egin du Ernaik
Bestalde, etzi, maiatzaren 1eko Langileen Egunean LAB sindikatuak Hernanin deitu duen eskualde mailako manifestazioarekin bat egin du Usurbilgo Ernaik. Mobilizazioa, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Gudarien Plazatik. Usurbilen ordubete lehenago finkatu da, Hernanira joateko hitzordua. 11:00etan, kotxe karabana abiatuko da Bordatxo pareko errotondatik. Manifestaziora joateko gonbita luzatzen dute Usurbilgo Ernaitik: "Usurbilgo Ernaik, ekimen hauetan parte-hartzeko deialdia luzatzen dien langile orori, izan enplegatu, langabeak, pentsionista, etxeko langile, emakume, gazte, ikasle edota autonomo".