Omenaldia, jaia eta belaunaldi desberdinetako dantzarien biltokian bihurtu zen estreinakoz, larunbatean ospatu zen Usurbilgo Dantzaren Lehen Eguna. Kalejira eta belaunaldi arteko transmisio edo omenaldi ekitaldi batekin hasi zuten eguna hain zuzen, frontoian. Atzoko eta gaurko dantzariak bildu ziren bertan. Eta noski, dantzan ospatu zuten hitzordua. Jendetsua izan zen arratsaldean pilotalekuan bertan dantzaren inguruan diharduten herriko hainbat taldeek eskainitako erakustaldi saioa. Harmailak goraino bete ziren. Bitartean, Oiardo Kiroldegian, goiz eta arratsalde, Tximeleta soinketa erritmikoko taldeek urteroko topaketak burutu zituzten. Erakustaldi saio eta lehiaketak tartekatu ziren erabilera anitzeko pistan.
Frontoiko dantza taldeen saioa amaituta, Kantu-Taldekoen txanda heldu zen. Hitzordu berezia ospatu zuten, larunbateko jaialdira egokitutakoa. Dantza-Kantu-Jira ospatu baitzuten. Kantuan eta dantzan aritu ziren kalean. Eurek egin zuten, arratsaldeko saioen eta gaueko "Sorginetxe" ikuskizun berriaren estreinaldiaren arteko zubi lana. Dantza Taldeko ohiko kideekin batera, ikasturte honetan sortu den 18 urtetik gorako dantzariak protagonista izan zituen emanaldia, jendetsua eta ederra izan zen. Eta baita noski, txalotua ere.
Dantza Taldekoen liburua prestatzen
Dantzaren Eguna ospatu da bai, baina Dantza Taldekoen materiala biltzen duen erakusketak zabalik jarraituko du igandera arte, maiatzaren 5era arte, Sutegiko aretoan. Datorren urtean gainera, Dantza Taldekoen historia jasoko duen liburua argitaratu asmo dute. Lan honetarako ere talde honi loturiko material bila jarraitzen dute. Beraz, dokumentaziorik, arroparik, lekukotzarik, irudi edo bideorik izan eta utzi nahi duenak, jar dadila harremanetan Dantza Taldekoekin: dantzataldea@usurbil.com edo 650 422 601.
Irudia: Josu Aranberri.