Bandera espainola jartzera behartu duten honetan, ikurriña merezi bezala omentzeko ekitaldia antolatu du Udalak larunbat honetarako, maiatzaren 4rako, 13:00etan, udaletxe aurreko plazan. Ikurriñaren ibilbidea oroitu, eta aurrerantzean "merezi duen begirunea eta lekua" eskaini nahi dio Udalak. Maiatzeko kultur agendak gogorarazten duenez, "debekatu egin zuten; ezkutuan gorde genuen urte luzez; Espainiako bandera zabaltzera eta gurtzera behartu gintuzten... 1977an kalera atera ginen usurbildarrak ikurriña legeztatu zuten egunean, 36 urte igaro dira eta geurea den Ikurriñak merezi duen lekua dauka udaletxeko balkoian. Orain, aldiz, erabat arrotza zaigun Espainiako bandera jartzera behartzen gaituzte. Inposaketa guztien gainetik, merezi duen begirunea eta lekua eskainiko diogu Ikurriñari. Geurea delako. Ekitaldian, txalapartariak, bertsolariak eta dantzariak izango ditugu. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldian parte hartzera eta egun horretan bakoitzak bere balkoian ikurriña jartzera".
Ikurriñari lau egun barru egingo zaion omenaldiaren aurretik, mozio bat aurkeztuko dute Bilduk eta Aralarrek, astearte honetan, apirilaren 30ean, arratsaldeko 18:00etan hasita burutuko den osoko ohiko bilkuran, “inposaketa salatuz eta ikurriña gure bandera dela azpimarratuz”.
Ez da gaurko gai zerrendan iragarria dagoen testu bakarra. Auzolan Elkarteak udalbatzari egindako eskaeraren berri emango da baita. Krisiaren inguruan urte hasieran antolaturiko jardunaldietan, egun bizi dugun egoerari aurre egiteko ekarpenak jaso, dokumentu batean bildu eta orain dokumentu hau udaletxean erregistratu dute Auzolan Elkartekoek, udalbatzan eztabaidatua izan dadin.
Etxegabetzeen aurreko protokoloa
Bi testu hauez gain, bada nabarmentzeko moduko bestelako punturik ere, gaurko osoko bilkuran. Gobernu taldeak, etxegabetzeei aurre egiteko protokoloa aurkeztuko du udalbatzan. Eta honekin batera, euskara eta hondakinak ere hizpide izango dira gaurkoan:
1-Aurreko bilkurako aktaren onespena:
2013/03/26ko bilkurako akta.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea:
2013ko martxoaren 22tik apirilaren 25era (2013/0297-2013/0419).
3-Aurrekontuaren 3. kreditu aldaketa onartzea.
4-Aurrekontuaren 4. kreditu aldaketa onartzea.
5-Hondakinak bildu eta tratatzeko udal ordenantzaren aldaketari dagozkion alegazioak erantzutea eta ordenantzaren aldaketa behin betikoz onartzea.
6-Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) luzatzea.
7-Etxegabetzeei aurre egiteko protokoloa onartzea.
8-Galderak, eskaerak eta mozioak:
8.1.-Bildu eta Aralar taldeek aurkeztutako mozioa: "Inposizioaren aurka: Ikurriña Gurea"
8.2.-Auzolan Elkarteak udalbatzari egindako eskaeraren berri ematea.