Bihar maiatzak 1 izango ditu, Langileen Eguna honenbestez. LAB sindikatuak eskualde mailako manifestazioa deitu du Hernanin. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Gudarien Plazatik, "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" lemapean. Hara joan aurretik, Usurbilen kotxe karabana deitu da goizeko 11:00etarako. Bordatxo taberna pareko errotondatik abiatuko da.
Mobilizazio hauekin bat egin du Usurbilgo Ernai gazte antolakundeak: "Usurbilgo Ernaik, ekimen hauetan parte-hartzeko deialdia luzatzen dien langile orori, izan enplegatu, langabeak, pentsionista, etxeko langile, emakume, gazte, ikasle edota autonomo".
Alternatiba eskualdetik eraikitzeko beharra
Aurreko urteetan hiriburuetan, herrialde mailako manifestazioak antolatu izan dituzte sindikatuek. LAB-ek aurten, eskualde mailako mobilizazioak deitu ditu maiatzaren 1erako, "langileriaren borrokarako eremuan, gertuko gatazkei erantzunez, alternatiba eskualdetik eraikiz", eta "Erreforma eta eraso guztiei aurre egiteko prest gaudelako eta hemen, Euskal Herrian eta Buruntzaldean alternatiba eraikitzen hasi garelako".
Biharko mobilizazioa joan den astean aurkeztu zuen Buruntzaldeko LAB sindikatuak, Hernanin duten egoitzan. Hauxe bere osotasunean, agerraldian irakurri zuten oharra:
"Urtez urte gobernuek eginiko erreforma desberdinen bidez krisi ekonomikoan sakotzen ari garen une honetan Maiatzaren 1ak berebiziko garrantzia hartzen du. Harturiko neurri guztiaren ondorioa da, langileak pobretzea eta honen kontura aberatsak aberatsago egitea, eskubideen murrizketa eta zerbitzu publikoen gutxitzearekin batera.
Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez ere hemengo agintariak ez dira atzean geratu. PNVk aurkezturiko aurrekontuak inoiz prestaturiko aurrekontu anti-sozialenak dira honek ekarriko dituen ondorio guztiekin; negoziazio kolektiboarekin, patronal pribatuaren eredu izan beharko lukeen administrazio publikoak funtzionarioen lan baldintzak dekretu bidez onartu ditu negoziazioari lekurik utzi gabe.
Eskualdeko egoerari erreparatzea besterik ez dago neurri hauen ondorioak ikusteko:
2008ko abenduan 2979 langabetu egotetik, gaur egun 4855 langabetu egotera pasa gara %15,43ko langabezia tasarekin.
Langileen lan baldintzetan atzera pausu izugarriak ERE bidez, lan baldintzen oinarrizko aldaketen bidez... gobernuek, patronalari bere neurrira eginiko tresna guztiak eskura utzi baitizkie. Eskualdeko langileriaren zati handiena hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan dago negoziazio kolektiboan lan harremanak desarautzeko bidean sakontzeko egoniko erreformen ondorioz.
Honi guztiari aurre egiteko hainbat borroka egin ditugu, eta orain ere borrokan gaude; horregatik aukeratu dugu aurtengo Maiatzaren 1erako "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" leloa. Erreforma eta eraso guztiei aurre egiteko prest gaudelako eta hemen, Euskal Herrian eta Buruntzaldean alternatiba eraikitzen hasi garelako:
Burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu. Eredu sozial berri baten eraikuntzan, burujabetza ezinbesteko elementua dugulako.
Aberastasun banaketan oinarrituko den lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzen dugu Euskal Herrian.
Testuinguru honetan eta aldarrikapen hauekin ere Maiatzaren 1eko aldarrikapenak eskualdera ekartzea erabaki dugu. Langileriaren borrokarako eremuan, gertuko gatazkei erantzunez, alternatiba eskualdetik eraikiz.
Hernaniko Gudarien plazatik eguerdiko 12:00etan abiatuko da manifestaldia.
Langile, batu gure borrokara!
BORROKATU, MATXINATU ETA IRAULI EUSKAL HERRIA"