“Usurbilgo Udalak zuzentasunez bete du 2011ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia”, Udaletik prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez. Hala ondorioztatzen du, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) Udalaren duela bi urteko jarduera ikuskatu eta horren inguruan kaleratu duen txostenak. Udala era zorrotzean aztertu dutela berri eman dute.
Txosten hau osorik, eranskin eta Udalak aurkezturiko alegazio eta guzti, usurbil.net atarian ikusgai daude. Txostena bera, apirilaren 22ko Ogasun Batzordean aurkeztu zuen gobernu taldeak. Bertan, azterketa hau “nota onarekin” pasa zutela adierazi zuen Mertxe Aizpurua alkateak, “txosten honek frogatzen baitu Usurbilen ez dela eman justifikaziorik gabeko gasturik, ez da izan desbideratze ekonomikorik, ez da izan lizitazio prezioa gainditu duen obrarik, ez dago kontratazio susmagarririk; beraz, balorazioa baikorra da. Hitz gutxitan: Udal honen jarduera garbia eta gardena da”.
Udalaren prentsa oharrak jasotzen duenez, aipatu epaitegiak legezkotasuna betetzen ez dituen bi gai baino ez ditu aurkitu, “lege urraketa oso txikiak” Epaitegiko letraduaren arabera, 2011. urtetik haratago joan den azterlanean. “Kontuan izan behar da, fiskalizazioa 2011. urtearen gain egin dela baina hariari jarraituz, urtez urte atzera joan dela eta urte desberdinetan luzatu diren operazioak ere aztertu dituela”, berri ematen du prentsa oharrak. Ezohikoa omen da hain lege urratze txikiak izatea, Epaitegikoen arabera, “ohikoena lege urraketa gehiago egotea da”.