"Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 2a, 00:00

Espainiar bandera jartzera behar duen “legearen inposizioa” salatu eta “bere erabateko desadostasuna” agertzen du Usurbilgo Udalak, astearte arratsaldean burutu zen osoko ohiko bilkuran, Bilduk eta Aralarrek aurkeztu eta udalbatzak gehiengo osoz onarturiko mozioaren bidez. “Inposizioaren aurka; ikurriña gurea” izenburua daraman testuak, aipatu banderak herri hau inoiz ez duela ordezkatu eta “zigor mehatxupean ezarritako sinboloa” dela dio. Neurri honek gainera, “usurbildarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena”.

Mozioak larunbat honetan, 13:00etan udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan ikurriñari egingo zaion omenaldian parte hartzeko gonbita luzatzen die herritarrei. 12:30etan Dema plazan hitzordua jarri dute. Herritarrei bertara ikurriñekin agertu eta gero guztiak batera, kalejiran udaletxera joateko. Eurei, usurbildarrei, etxeko balkoi eta leihoetan ikurriña zintzilikatzea eskatzen zaie. Udalak ere bere aldetik beste hainbeste egingo du. Etzi burutuko den omenaldian, “ikurriñak merezi duen presentzia izan dezan Udaletxearen ingurunean, Joxe Martin Sagardia plazan modu iraunkorrean presente egongo den masta eta ikurriña jarriko ditu Udalak”.

Orain arte, legea betearazteko agindurik ez
Gehiengo osoz onartu zen mozioa, Bildu, Aralar eta EAJ-PNVren babesarekin. PSE-EE abstenitu zen eta Hamaikabatek mozio honen aurka bozkatu zuen, osoko zuzenketa aurkeztua baitzuen. Luis Mari Ormaetxeak irakurri zuen testu honen bidez, Udala espainiar bandera jartzera behartzen duen legedia ez onartzea eskatzen zuen, orain arte urteotan, alkate eta udalbatzarrek aipatu lege hau betearazteko neurririk ez dutela hartu gogoraraziz, eta baita “udalak sententzia betetzeko neurririk” ez hartzea ere galdegiten zuen.

Mozioak udalbatzaren gehiengoaren babesa zuenez, ez zen osoko zuzenketa bozkatu. Baina Hamaikabatek aurkezturiko testuaren aurrean, adierazpenik egin zuten gainerako taldeek. Aralarretik, Hamaikabaten osoko zuzenketarekin ados zirela adierazi zuen Joxe Ramon Furundarenak. Baina euren testuan jasotzen zuena ahotan hartuta, “neurririk hartzen ez bada, kalteak izango dira udaletxearentzat” ohartarazi zuen.

Ildo beretik, Mertxe Aizpurua alkateak Espainiako bandera udaletxean jartzea agintzen duen legedia gaurkoa izan ez arren, “orain arte ez dute behartu lege hau betearaztea” adierazi zuen. Orain bai, auzitegi bidez. Euskal Herriaren aurkako eraso orokor baten testuinguruan kokatu zuen bandera espainola jartzeko agindua, eta horregatik zioenez, honen aurrean eman beharreko erantzuna ez dago udalbatza baten edo bestearen esku, “erantzunak bateratua izan behar du”.

Hauxe, astearteko osoko bilkuran onarturiko mozioak, hitzez hitz dioena:



INPOSIZIOAREN AURKA; IKURRIÑA GUREA
2011ko azaroan Estatuko Abokatuak Usurbilgo Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea agindu zion: Espainiako bandera udaletxearen balkoian jartzea.

Prozedura judizialak aurrera jarraitu du, aginduaren ondoren errekerimendu, auzi-eskea eta, azkenik, epaiaren forma hartu arte. 2012ko urrian, epai horren kontra helegitea tartekatu zuen Usurbilgo Udalak eta Auzitegi Nagusia azken epaia ematekotan dago.

Espainiako Gobernuak usurbildar gehienak ordezkatzen ez dituen ikurra inposatzen digu eta halabeharrez, gure sentimendu eta nahien kontra, laster etorriko den epaia, irmoa izanda, bete beharrean aurkituko gara.

Honengatik guztiagatik, BILDU eta ARALAR alderdiek mozio hau aurkezten dugu Udal Batzarrean onartua izan dadin:

1. Usurbildar gehienen sentimenduen kontra espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi du Usurbilgo Udalak eta bere erabateko desadostasuna adierazi.

2. Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean.

3. Herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa izanda, neurri honek usurbildarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena.

4. Ikurriñak merezi duen presentzia izan dezan Udaletxearen ingurunean, Joxe Martin Sagardia plazan modu iraunkorrean present egongo den masta eta ikurriña jarriko ditu Udalak.

5. Ikurriñaren omenez maiatzaren 4an ospatuko den ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu usurbildar guztiei, etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko eskaera eginez.