Usurbilgo leku izenen azterlana sarean dago jada, Usurbilgo Udalak eta Iametza enpresak gauzatu duten egitasmoari esker. Helbidea hauxe duzue: http://toponimia.usurbil.net . Usurbilgo Udalaren web orrialdean, http://www.usurbil.net/ gunean, aipatu atari berri horretarako lotura zuzena duzue.
Web orrialde berria, Luis Del Barriok, Mari Karmen Etxabek, Joxe Jabier Furundarenak eta Luix Mari Zalduak 1989an egin zuten Usurbilgo Toponimia lanean oinarritzen da. Etxeetan banaturiko mapa egin zen, baita Sutegi udal liburutegian dagoen txosten bat ere. Gerora, beste mapa batzuk ere egin dira. Aurreko legegintzaldian Udala eta Iametza enpresa, 1989ko lanketa hura web orrialde batean plazaratzea helburu zuen egitasmoa bideratzen hasi ziren. Orain amaitu da, toponimia.usurbil.net web orrialdea martxan jarrita.
Atari berri honek, Usurbilgo leku izenak alfabetikoki bilatzeko aukera ematen du. Edo leku izen zehatzen baten berri jasotzekoa, mota edo lekuaren arabera. Haietako asko mapa batean ere kokatuak agertzen direnez, tresna hau ere baliatu liteke toponimoen berri izateko.
Horrekin batera, hainbat nobedade ere txertatu dituzte. Alor honetan dugun jakinduria maila neurtu liteke, "Ezetz asmatu!" atalean. Hainbat bitxikerien berri ematen du, "Ba al zenekien?" izeneko txokoak. Ziortza, Lapurtokieta edota Itzao leku izenen jatorriaren inguruko hainbat zehaztasun deskubritu daitezke, ziur ezezagunak izango direnak batentzat baino gehiagorentzat.
Leku izenak normalizatzen
Web orria halere, osatzeke dago. Batetik, toponimia mapako izenak normalizatzeko lanean dabil Udala. Euskaltzaindiarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, leku izen guztiak normalizatzen ari da. Jada, bostehunetik gora leku izen normalizatu dituzte eta haietako asko jada mapan kokatuak daude. Beste 2.500 bat normalizatzeke daude halere. Normalizatzeaz ari garenean, esan nahi duguna da, Euskaltzaindiak dituen irizpide batzuen arabera, leku izen hauek ofizialki onartzen dituela. Eta hala ez bada, izenak nola idatzi behar diren proposatzen du. Beraz, datozen hilabeteotan, alde horretatik web orrialdea eguneratzen joango dira.
Baina herritarren ekarpenetara ere irekia dago txoko berria. Inork, Usurbilgo leku izen berri baten informazioa edota toponimoei loturiko argazkiak igorri nahi baditu, horretarako ere aukera dago. Usurbilgo Udaletik, herriko leku izenak biltzen dituen gune berri hau erabiltzeko gonbita luzatzen dute.