Estreinatu berri dugun hilabete hau, ohi bezala ekitaldiz josia datorkigu. Maiatza, herrian ekitaldi gehien burutzen den hilabetea izango da ziur. Eta 2013koa ez da salbuespena izango. Ekimen eskaintza zabal horretan ez galtzeko, noiz, non, zer dagoen ezagutzeko tresna berri bat eskura dugu jada. Apuntatu: http://kultura.usurbil.net/
Web orrialde berri honetara heltzeko beste bide bat ere bada. Usurbilgo Udalaren atarian sartu, http://www.usurbil.net/ helbidean. Bertan aurkituko duzue "Usurbil Kultura" web gunerako lotura. Web orri berria, Jon Aizpurua (Abaraskako langilea) herritarrak eta Kultura Aholku Batzordeko kideak diseinatu du. Kultura Aholku Batzordean, zehazkiago esanda, 2011n burutu zen kultur alorreko parte hartze prozesuan du jatorria, martxan den egitasmo berri honek. Udala, eta herri eragileak bildu zituen saio haietatik urteotarako plan estrategiko bat osatu zen. Bertan, hainbat lan ildo jasotzen ziren; horien artean, herriko taldeen autogestioa, koordinazioa, komunikazioa bultzatu beharra, Usurbilgo kultur herri gisa garatu beharra... Besteak beste, behar hauei erantzungo die jada funtzionamenduan "Kultura Usurbil" web orrialde berriak.
Agenda, antolatzaileen berri, dokumentazioa...
"Gonbidapena luzatu erabiltzaile guztiei bere tresna egin dezaten, lanerako erabil dezaten", deitzen dute Udaletik. Web orrialdea informazio iturri gisa baliatu daiteke. Lehen aipatu moduan, zer, non eta noiz dagoen jakin ahal izateko. Web berri honetan sartzen denak, modu argi eta nabarmenean ikusiko du, hurrengo egunetan herrian antolatu diren ekitaldiak zeintzuk diren, oinarrizko informazio eta irudiez lagunduta. Kultur arloko deialdiei loturiko albisteak ere irakur daitezke, hilero etxeetan banatzen den kultur agenda kontsultatu.
Lau atal nagusi ditu Kultura Usurbil atari berriak. "Agenda" izenekoa batetik. Bertan, egunez egun Usurbilen dagoen eskaintza kontsultatu daiteke eta nahi duenak, deialdiak sare sozialen bidez zabaldu ditzake. "Elkarteak" atalean, ekimenen antolatzaileen inguruko informazioa eskura dugu; harremanetarako bideak, edota kasu bakoitzean, eragile batek antolatuak dituen ekitaldien inguruko zehaztasunak biltzen dira bertan.
Herrian zer dugun gaur, bihar edo etzi, beste modu batean ere ezagutu daiteke, aretoka hain zuzen. Leku bakoitzean dagoen eskaintzaren berri klik batera izango dugu aurrerantzean; bai Sutegin, Potxoenean, Artzabalen, Santuenean, Usurbil, Aginaga edota Zubietako frontoietan, Oiardo Kiroldegian, Mikel Laboa plazan... Kontsultak auzoka edo gunearen arabera ere egin daitezke. Azkenik, "Deskargak" izeneko atala dugu. Bertan, web orrira igotzen den dokumentazioa eskuratu daiteke; ekimenak antolatzeko eskaera orriak, kultur alorreko plan estrategikoa, hileroko kultur agenda...
Kultur eragileek kudeatua
Erabiltzaile orok eskura dituen atalak dira horiek. Baina honez gain, web orrialde honek badu bere "B" aldea ere. Eremu pribatua. Web orrialde hau, herriko kultur alorreko eragileek kudeatzeko aukera izango dute. Hau da, herriko elkarte edo talde bakoitzak, Usurbilgo Udalean "alta" emateko eskaera egin dezake. Pasahitz bat jasoko dute, eta pasahitz horrekin, web orrialdean zuzenean parte hartzeko hainbat aukera dituzte. Ekitaldiren bat antolatzen duen eragileak horren berri eman dezake web orrialdean, taldeek elkarren artean mezuak bidaltzeko aukera ere bada, eta ikuspegi eraikitzaile batetik, antolatzen diren ekimenak baloratzeko modua baita. Hau guztia, esan bezala, web orrialdearen eremu pribatuan egingo da.
Hartara, herriko taldeen autogestioa bultzatu nahi da Usurbil Kultura izeneko leiho berri honen bidez. Eta herriko kultur eragileen arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetu nahi da. Antolaketa lanak erraztu. 2011ko kultur alorreko parte hartze prozesuari esker osatu zen datozen urteotarako plan estrategikoak jasotzen zuen moduan, herriko taldeek zer, noiz eta non antolatzen duten, elkarren berri izan dezaten. Usurbildarrek nahiz herritik kanpo bizi direnek, hemengo kultur dinamika biziaren berri modu erraz eta erakargarrian izango dute aurrerantzean. Kultur herri izaera garatzen lagundu nahi duen tresna berria martxan da.