"Krisiaren aurrean zer egin?" izeneko jardunaldiak antolatu zituen Auzolan Elkarteak, joan den urtarrilaren 17 eta 18rako. Hitzorduon baitan, herritar eta eragileen proposamenak bildu nahi zituzten. Mozio moduan jaso eta udaletxean erregistratu zuten, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran aztertua izan zedin. Gobernu taldeak apirilaren 30eko saioan, ontzat eman zuen Auzolan Elkartekoek aurkezturiko testua, azterlanerako bideragarritzat jo zuten. "Materiala bada hausnartzeko", adierazi zuen Mertxe Aizpurua alkateak. Gai honek eztabaidarako aukera ematen duela gaineratu zuen, inork hala proposatuko balu, Batzordean tratatzekoa.
Auzolan Elkartetik mozio bidez egiten duten planteamenduaren jatorrian, honako hipotesi edo kezka planteatzen dute: "ekonomiaren kolapso batera iristeko arriskua ikusten dugu, hipotesi gisa. Horrek, Usurbilen bizi garen pertsona guztiongan ondorioak izango lituzke". Egoera honen aurrean, "gerta litekeen hipotesi horri kolektiboki aurre egiteko prozesu bat irekitzea" eskatzen dute. "Egungo Krisi Orokorraren baitan, Usurbilgo herriarentzat Ikuspegi Estrategiko Bateratu bat eratzeko gogoeta kolektiboaren prozesua garatzea", Auzolan Elkartekoen txostenak jasotzen duenez.
Nola aurre egin?
Euren proposamena, zirriborroa dela ohartarazten dute, "Udalaren eta herriko talde-eragileen arteko eztabaidari bide eman nahi diona". Ildo horretatik, aipatu testuak zergatik eta zertarako galderei erantzuten diela berri ematen du Auzolan Elkarteak, "eta zer garatu daitekeen aurreikusten du". Aldiz, nola egin behar den, "hori eztabaidaren emaitza" izatea nahi dute.
Lehendik ere ezagutzera emanak dituzten hainbat lan ildo planteatzen dituzte, krisi egoera honi aurre egiteko:
1-Elikadura burujabetza: Usurbiltzen taldea eta Alkartasuna Kooperatiba jada lanean dabiltza, eta bide horretan doa Haur Eskola jantokiaren egitasmoa ere...
2-Energia burujabetza.
3-Tokiko merkataritza: Usurbilgo merkatarien elkartea horretan ari da lanean egun.
4-Tokiko txanpona-Trukea: Trukalariak taldekoen ekimenetik lantzen ari dira.
5-Hondakinak: Usurbil Zero Zabor taldearen eskutik, Atez Atekoa lantzen da.
6-Hezkuntza.
7-Kultura: Usurbilen diharduten kultur-eragileen dimentsioa garrantzitsua da.
8-Beste batzuk.