Aurrerantzean, 38 ez, 39 artikulu izango ditu hondakinak bildu eta tratatzeko udal ordenantzak. Artikulu berri bat txertatzea onartu zuen udalbatzak, astearteko osoko bilkuran, Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin. Gainerako udal taldeek abstentziora jo zuten. 16. artikulu berri honek, "edukiontziaren biltegiek edo hondakin gelek eraikinean izan behar luketen kokapen zehatza, biltegi kopurua, hala nola beste zenbait ezaugarri (eraikigarritasunaren zenbaketa, neurri eta baldintza zehatzak)" zehazten ditu. Aldaketa honi, uztailaren 27ko osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onespena. Gerora erreklamazioak aurkezteko egon den epearen baitan, bi alegazio aurkeztu dira. Bat ez da onartu. Eta bestea, partzialki aintzakotzat hartzea erabaki da. Gehiengo osoz, hondakinei loturiko udal ordenantzan 16. artikulua izango dena txertatzea behin betiko onartu zen asteartean. "Aldaketaren ondorioz, indarrean dagoen udal ordenantzaren 16tik 38ra doazen artikuluak, 17tik 39ra zenbatuko lirateke hurrenez hurren", Usurbilgo Udaletik zehazten dutenez.