Berritzea edo luzatzea egokitzen zen, eta azkenean bigarren aukeraren alde egin du udalbatzak. 2008-2012 urte arterako onartua zegoen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari (EBPN) buruz ari gara. Urtero berritu beharra izaten da. "Urtero plan estrategikoari lotutako kudeaketa plana egin izan da. Udal aurrekontuetan ere Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko ekintzak bideratzeko behar besteko dirua jarri izan da", dio Udalak.
2011ko ekainaren 28an berritu zen azken aldiz. 2013an gaude jada, eta Eusko Jaurlaritzak plan estrategikoa berritu edo luzatu beharra zegoela jakinarazi zaio Usurbilgo Udalari, "baldin eta diru-laguntza deialdian parte hartu nahi bada". Berritu ordez, azken lau urteotako plana urtebetez luzatzea proposatu zuen gobernu taldeak asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Zenbait aldaketa egin beharrak baitituzte aipatu planean, eta honenbestez, aurten aldaketa horiek txertatu eta horiek egin ostean, euskarari loturiko plan estrategikoa berritu asmo du Bilduk. Gainera, "2013an Plan Nagusiari lotutako Kudeaketa Plana bideratzeko konpromisoa" hartzen du Udalak. Proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak.
Helburu estrategikoak
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak hiru helburu estrategiko ditu. Honako hauek:
1. Euskara, belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe transmititzea, eskola, euskaltegi eta familia bidez katea eten ez dadin.
2. Euskarazko zerbitzuen eskaintza eskolaz kanpoko erabilera eremuetara zabaltzea, teknologia berrietara, aisialdira, kirolera, udaletxera, erlijio-saioetara, enpresetara...
3. Hizkuntza etengabe elikatzea, komunikabide, liburu, publizitate eta kulturgintzaren bidez usurbildarrek eroso, erraz eta kalitatez egin dezaten euskaraz.