Etxegabetzeen aurkako protokoloa onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 2a, 00:00

Etxegabetzeei aurre egiteko bederatzi puntuko protokoloa onartu zuen udalbatzak, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Testuaren alde bozkatu zuten, Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk. Hamaikabat eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Onartu berri den protokoloan adierazten denez, Udalak "ahalegin guztiak egingo ditu egoera ekonomiko zehatz baten aurrean ohiko etxebizitza duten horren hipoteka ordaindu ezinean dauden pertsonen eskubideak bermatzeko, hau da, irabazi asmoko harreman ekonomiko hutsetan oinarrituriko etxegabetzeen aurka egingo du". 

Etxegabetzerik gertatuko balitz, Udaletik hauxe da emango luketen erantzuna. Hauek beraz, protokoloko bederatzi puntuak:

1. Etxegabetze baten aurrean, ezinbestekoa deritzo instituzioen eta etxegabetzeen aurka ari diren eragileen arteko elkarlana. Harremana iraunkorra izango da erabakiak kontsultatzeko. Beharrezkoa ikusten den kasuetan, etxe kaleratzeen gaiaren lanketarako, udal batzorde berezi bat antolatzeko aukera irekia geratzen da. 

2. Udala herrian ohiko etxebizitzaren kaleratzea jasateko arriskuan dagoen herritarrari irekita dago. Egoera hori nozitu duten edo arriskua duten herritarren informazioa jasotzea ezinbestekoa du Udalak, ekinbideak martxan jarri ahal izateko. Hala eskatzen duten kaltetuek, diskrezio osoa izango dute Udalaren aldetik. Etxebizitza eskubidea onartua izan dezaten, informazio, laguntza juridikoa eta lehen arreta eskainiko die. Horretaz arduratuko den zinegotzia eta teknikaria izendatuko dira. Kaltetuen eskura, telefono zenbaki bat eta e-mail bat jarriko dira. 

3. Usurbilgo Udalak, herritarren aurkako etxegabetze prozedura martxan duen bankuarekin harreman bidea irekiko du, prozedura hori denbora mugagabean bertan behera uztea eskatzeko.

4. Usurbilgo Udalak, kreditu entitateekin duen harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu etxegabetzeen gaiarekin duten jarreraren arabera:
-Etxegabetzeak gauzatzen dituzten eta egiten ez dituzten entitate finantzarioen arteko lehentasunezko sailkapena egingo du.
-Etxegabetzeak egiten ez dituztenekin orain artean bezala, bere horretan utziko ditu harremanak, eta etxegabetzerik egiten ez duten entitate finantzieroak aukeratuko dira udalarekin aurrera begirako harremanetarako.

5. Usurbilgo Udalak, Kutxabank-eko partaide den heinean, bereziki eskatzen dio entitate honi, hala gertatuz gero, etxegabetzeak bertan behera utzi ditzan denbora mugagabean. Epaitegietan martxan dauden prozedurak ere, bertan behera uzteko beharrezko diren urratsak eman ditzan eskatzen dio Kutxabank-i. 

6. Usurbilgo Udalak, herritarren jakinaren gainean jarriko du etxegabetzeen gaiaren aurrean Banku, Kutxa edo Kooperatiba bakoitzak duen jarrera.

7. Usurbilgo Udalak, etxegabetze prozesuei dagokienean, epaitegietatik bideratutako prozedurak gauzatzeari uko egiten dieten udal langileak babestu egingo ditu.

8. Ohiko etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrei premiazko irtenbidea emateko garaian, alokairu soziala hartuko du erreferentzia nagusitzat:
-Etxebizitza eskumena duten erkidego eta foru entitate publikoekin (Etxebide eta Vinsa) elkarlana bultzatuko du.
-Hainbat etxebizitza hutsik dituzten banku eta higiezin enpresei ardura eskatuko die.

9. Herrian etxe jabetza galtzera eramaten duen prozedura bat gauzatzen den bakoitzean, herri eragileek, etxebizitza eskubidearen alde eta etxegabetzeen aurka, dei ditzaketen elkarteratze-mobilizazioekin bat egingo du Udalak, kalteturiko pertsonei babesa emateko.