Erakusketa, aurkezpen eta tailerrak, asteburuan zehar

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 3a, 00:00

Azken orduko aldaketa bat dago astebururako iragarritako hitzorduen artean. Dancehall tailerra bertan behera geratu baita, Usurbilgo Gaztetxetik berri eman dutenez:

DANCEHALL TAILERRA
Saioa larunbat arratsalde honetan burutzekoa zen Usurbilgo Gaztetxean. Raquel Koromak gidatu behar zuen saioa, baina bertan behera geratu dela berri eman dute antolatzaileek, "arazo pertsonal batzuk direla eta".  

"KARTOIAREKIN EGINDAKO BURUHANDIAK" TAILERRA
Ikastaroaren bigarren eta azken saioa burutuko da larunbat honetan, maiatzaren 4an. 9:30-13:30 artean Usurbilgo Gaztetxean, Hitz Aho Guraso Elkarteak antolatuta. Parte hartzeko izen ematea itxita dago. Tailerrean landutako buruhandiak, maiatza amaieran Sutegin zabalduko duten erakusketa batean jasoko dituzte.

DANTZA TALDEKOEN ERAKUSKETA
Usurbilgo Dantzaren I. Eguna ospatu zen joan den larunbatean. Egun horretan inauguratu zen, Dantza Taldekoen materiala biltzen duen erakusketa. Erakusketa hau, zabalik izango da igandera arte, Sutegiko aretoan.  

"PYRENAEUS" SAREAREN AURKEZPENA 
Egitasmo hau eta bigarren jardunaldiak aurkeztuko dira, larunbat honetan, maiatzaren 4an, 11:00etan Artzabalen. Ekitaldia, Ganbo Iturri Kirol Elkarteak antolatu du. Elkarte berak, maiatzaren 16rako Jose Maria Setienen hitzaldia antolatu du Sutegin, 19:00etarako, “Pakea, Justizia, Egia; etika edo politika?” izenburupean.