Mundumob prestatzeko lehen entsegua gaur, 19:00etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 3a, 00:00

Iritsi da eguna, erropa erosoa jantzi eta arratsaldeko 19:00etan herritarrak frontoira joateko deia zabaldu du Usurbil Zero Zabor taldeak. Bertan egingo da, maiatzaren 11n grabatuko den Mundumob ekimenaren lehen entsegu saioa. Prestaketa lanez gain, hainbat herri eragileen agerraldia iragarri dute. Mundumob ekimenari sostengua adieraziko diote. 

Hau guztia, aipatu moduan, gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera frontoian. Ordu eta leku berean, baina astebete barru, hilaren 10ean burutuko da Mundumob ekimena prestatzeko bigarren entsegu saioa. Eta biharamunean, maiatzaren 11n, 18:00etan pilotalekuan baita, grabatuko da dantza koreografiatua. Adi 
http://usurbilzz.wordpress.com/ blogari. Bertan, egunotan Mundumob ekimenari loturiko albiste guztien berri ematen joango dira antolatzaileak. Eta web orrialde honen eta  http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/ atariaren bidez lortu ditzakezue, Mundumob ekimena zuen kontutik prestatzen joateko tutorialak ere. 

Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea, bertan behera
Entsegu egun hau, maiatzeko lehen ostirala dugu. Ohi bezala, Itaya Gazte Asanbladak kutsaduraren aurkako elkarretaratzea deitu ohi du Mikel Laboa plazan. Gaurko mobilizazioa ordea bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, Mundumob ekimena prestatzeko frontoian egingo den entsegu saioa dela eta.

Abestia
Dantza koreografiatua egiteko abesti bat sortu dute elkarlanean hainbat aurpegi ezagunek. Hemen duzue Mundumob ekimeneko abestiaren letra:

Gugan bizitza gugan

gure eskutan

loratzean

 

Nun gu, gu garen mundu

mundu segundu bakoitzean

 

Bere lur azalean

gure gorputzean

 

Pasa bizi arnasas

eskuetatik

eskutara

 

Jende, kultura, mende

guztiak gure

eskuetan

 

Auzo, mendi, itsaso,

zeru ta baso

guztietan

 

Jaso dugun mundua

datozenei pasa

 

Pasa bizi arnasa

eskuetatik

eskutara

 

Kantua: Karlos Gimenez.
Hitzak: Jon Maia.
Ahotsa: Jabi (Ze Esatek) eta Ines Osinaga.
Teknikaria: Mikel f. Krutzaga.
Koreografia: Mikel Erguin.


"Eman hartu nahi duzun mundua"
Mundumob herriz herri burutuko den ekimena izango da. "Eman hartu nahi duzun mundua", iraunkortasunari loturiko lemapean. Antolatzaileek larunbatean Zubietan ziotenez, "herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumob-en helburua. Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra".

Aldarrikapen hau mundu bola batek irudikatuko du, eta herritarrek egin ahal izango duten dantza koreografiatu batek. Mundumob larunbat honetan ospatuko da lehen aldiz, Orendainen. "Gipuzkoako herririk handienean. Ondo esan dut bai. Handitasuna ez da bakarrik metro karratutan edo biztanle kopuruaren arabera neurtzen. Guk, handitasuna, herritarren bihotzetan eta konpromisoan neurtzen dugu, eta horretan ez daukagu zalantzarik orendaindarrak eredu direla Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Lehenengo Zero Zabor herria dugu. Hondakin organiko guztia herrian tratatzen dute ongarri bihurtuz. Ez dute beste herrietara organiko tona bakar bat usteltzera bidaltzen. Mundumob-en hasiera Orendainen eginez, guzti horren aitortza egin nahi dugu".  

Usurbil eta Gipuzkoako beste hainbat herrietan burutu ostean, Mundumob ekimenaren azken geltokia, Donostia izango da, ekainaren 8an. "Bukaera ere Gipuzkoako herririk handienean egingo dugu. Oraingoan bai, biztanle kopuruari begira. Handiena baita ere sortutako zabor kopuruari begira. Praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Guk gure ekarpena egin nahi diogu izendapen horri. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostia Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egingo diogu amaiera han emanda", adierazi zuten joan den larunbatean, Mundumob ekimeneko antolatzaileek Zubietan eskaini zuten prentsaurrekoan.