Larunbat eguerdiko 13:00etan, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan. Hauxe da Udalak herritarrekin batera, bandera espainiarra jartzeko jaso duen aginduaren aurrean, ikurriña omentzeko biharko antolatu duen ekitaldiko hitzordua. Ekitaldian, txalapartariek, dantzariek, gaurko eta atzoko udal ordezkariek parte hartuko dute. Ekitaldi honen antolatzaileek herritarrei gonbidapen bikoitza egiten diete; batetik noski, bihar eguerdiko ekitaldira bertaratzera. Eta bestetik, etxeko balkoi eta leihoetan ikurriñak jartzera.
12:30etan biltzeko deia
Udaletxe aurreko plazan burutuko den omenaldian ere, ikurriña handi bat zintzilikatuko du. Bertara gerturatzen denak ikusiko duen moduan, masta jada jarria dago. Aipatu baita, ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, herritarrekin biltzeko hitzordua finkatu duela Usurbilgo EH Bilduk. 12:30etan, Dema plazan. Hitzordu honetara, herritarrei ikurriñekin agertzeko deia egin diete.
“Gu euskaldunak gara, gurea ikurriña da”
Udalaren gonbita jaso eta bertan izango den herritarretako bat, Andres Bruño dugu. Usurbilgo alkate ohia, eta ikurriñaren omenaldia oso modua berezian biziko duen lagunetako bat. “Han egongo naiz, lehen ere hor ibili gara eta borrokan”, adierazi dio NOAUA!ri, omenaldi aurreko egunotan. Bera alkate zela legeztatu baitzuten ikurriña, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan. Hainbat alkateek eginiko ahaleginen ostean. Gai honen inguruko zehaztasun gehiago bildu ditugu maiatzaren 3 honetako NOAUA! astekarian.
Ondoko argazkia egun hartakoa, ikurriña legeztatu zenekoa da. Osoko bilkurak, ikurriña udaletxean jartzea erabaki zuen egunekoa. Argazkian dituzue; Andres Bruño alkatea, Roke Arriola idazkaria eta zinegotziok: Felix Aizpurua, Joxe Antonio Altuna, Joxe Aburuza, Jesus Urkiola, Felix Olasagasti, Joxe Manuel Matxain eta Julian Pikabea. Osoko bilkura amaitu ostean, udaletxeko balkoira atera eta harrotasun osoz astindu zuten ikurriña. Plazan jendetza bildu zen, egun historiko hura ospatzera.
36 urte geroago, bandera espainiarra jartzeko agindua jaso du Udalak. Inposaketa honen aurrean, ikurriñak merezitako omenaldia izango du bihar. Ekitaldira bertaratzeko gonbita luzatzen die Bruñok, herritarrei. “Omenaldira joateko denei. Hainbat borroka izan ditugu ikurriñarekin, hainbat gorabehera. Orain, duela 40 urte eta baita lehenago ere. Baina gu euskaldunak gara, gurea ikurriña da, ez bestea”, adierazi dio NOAUA!ri.
Mozioa
Biharko omenaldiaren bezperatan, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran, udalbatzak Bilduk eta Aralarrek aurkezturiko mozioa onartu zuen. Hauxe da, “Inposizioaren aurka; ikurriña gurea” testuak jasotzen dituen bost puntuko adierazpena:
1. Usurbildar gehienen sentimenduen kontra espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi du Usurbilgo Udalak eta bere erabateko desadostasuna adierazi.
2. Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean.
3. Herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa izanda, neurri honek usurbildarren borondatearekiko errespetu falta azaltzen du, eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena.
4. Ikurriñak merezi duen presentzia izan dezan Udaletxearen ingurunean, Joxe Martin Sagardia plazan modu iraunkorrean present egongo den masta eta ikurriña jarriko ditu Udalak.
5. Ikurriñaren omenez maiatzaren 4an ospatuko den ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu usurbildar guztiei, etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko eskaera eginez.
Irudia: Usurbilgo Udala.