Jexux Artze Kultur Elkarteak hainbat ekitaldi antolatuko ditu hilabete hasiera honetan. NOAUA!ko bazkideen artean, bina sarrera zozketatzeko aukera izan dugu. Astebetez, ekitaldi hauen zozketan partehartzeko aukera izan dute NOAUA!ko kide diren lagunek. Gaur amaitzen zen partehartzeko epea eta hauek izan dira zozketan sarituak izan diren bazkideak.
Maiatzak 3 Ostirala, 'Bypass' filma, 22:00h
Arantxa Manterola, 2 sarrera
Maiatzak 4 Larunbata, 'Gau Beranduan' ikuskizuna, 22:00h
Idoia Torregarai, 2 sarrera
Maiatzak 11 Larunbata, 'Hil Arte Bizi' antzezlana, 22:00h
Ainhoa Agirretxe, 2 sarrera
Irabazleok, sarrerak egunean bertan eta Sutegiko leihatilan izango dituzue, zuen izenean. Gainontzeko bazkideei eskerrik asko partehartzeagatik.
Maiatzak 3, ostirala: "Bypass" filma
Sinopsia: Maria bihotzetik gaixo dago eta hiltzera doa. Xabi, lagun bat, Bartzelonatik etorriko da azken agurra ematera. Bidean, Maria beraz maiteminduta dagoela jakiten du, eta pozteko, gezurra esan eta bera ere hala dagoela kontatzea erabakitzen du. Baina Maria ez da hiltzen, eta Xabik bikote-bizitzaren plantak egitera behartuta ikusten du bere burua, atsekabeak Mariaren bihotz ahularekin amai ez dezan. Egoera horretan, haurdun geratu berri den bere benetako neskalagunari, Bartzelonako neska bati, bizkar ematen dio.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 3 euro aldez aurretik Lizardi dendan eta 3 euro egun berean.
Zuzendaria: Patxo Telleria.
Aktoreak: Sara Cozar, Barbara Goenaga, Gorka Otxoa, Itziar Atienza, Mikel Losada eta Aitor Mazo.
Iraupena: 98 minutu.
Maiatzak 4, larunbata: "Gau beranduan" ikuskizuna
Emanaldia: "Gau beranduan" ikuskizun musikal poetikoaren estreinaldia.
Partaideak: Petti, Harkaitz Cano eta Joxan Goikoetxea.
Edukia: eraldatu egiten dira paisajeak gau-beranduan. Eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. Giza-piztiak ere berdin: izango da soseguaren bila erretiratuko denik eta baita ehizakiaren xerka abiatuko denik ere. Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau-beranduan. Maitaketa, konspirazioa eta sabotaia zainetan daramaten istorioak. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espreski ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua. Eta amorruak bere malenkonia. Mihise gaineko orban beltz batetik abiatzen den margolaria bezala, hari zerbaiten itxurantza emateko gero. Gau-beranduan eta ilunpeen bihotzean. Egunsentia urratu arte.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 8 euro aldez aurretik Lizardi liburu dendan eta 10 euro egun berean.
Maiatzak 11, larunbata: "Hil arte bizi" antzezlana
Edukia: hil arte bizi adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa bat da. Nacho, Angel eta Maria. Bi gizon eta emakume bat eta jakina... gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak... edo ez. Zerbait gertatuko da. Larria izango da beraien adiskidetasuna kolokan jarriko badu. Zer egingo zenuke zure bikoteak zure lagun onenarekin alde egingo balu? Biei barkatuko zenieke? Bietako bati? Zeini? Eta heriotza tartean bada... dena ezberdin ikusten da? Edozer barka zenezake maitasunagatik? Eta adiskidetasunagatik? Min egitea baino egia ezkutatzea hobea da? Zein da zure aukera? Hil arte bizi. Hil arte bizi heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.
Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Iker Galartza, Sara Cozar, Joseba Usabiaga.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: aldez aurretik 8 euro Lizardi liburu dendan. 10 euro egunean bertan.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.