Eguraldi ederrarekin dator, biharko Andatza Eguna

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 4a, 00:00

Andatzara igotzeko eguna izango dugu igande honetan, maiatzaren 5ean. Andatza Mendizale Elkarteak eta Usurbilgo zein Zizurkilgo Udalek elkarlanean antolatu dute beste behin, Andatza Eguna. Goizeko 11:00etatik aurrera erromeri giroa nagusituko da bertan. Ohi bezala, jan edana ez da faltako. Iragarpenen arabera, eguraldiak ez du inolaz ere jai giroa zapuztuko. Alderantziz, udaberri beteko giroa espero da biharko, Euskalmet-etik diotenez. "Igandean giro eguzkitsua izango dugu, eta apur bat gehiago goxatuko du. Zerua ez da erabat garbi egongo, baina, hala ere, urdinguneak oso zabalak izango dira ia egun osoan. Gainera, aspaldiko partez, udaberri sasoiko tenperatura atseginak izango ditugu, altuenak 19-22 ºC-ra iritsiko baitira", dio euskal meteorologiaren agentziaren iragarpenak, igande honetarako. 

Andatza Egunerako antolatu duten egitaraua duzue hauxe:

Goizean zehar,
 erromeria: trikitilariak eta bertsolariak.

11:00 Hamaiketakoa: salda, txorizoa, haragi egosia eta edaria.
12:00 Herri kirolak eta jokoak haurrentzat eta helduentzat.

14:00 Bazkaria (norberak berea eramanda). Kafea eta kopa banatuko dira.

Antolatzaileak: Zizurkilgo Udala, Usurbilgo Andatza Mendi Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Irudia: Andatza.