Hauxe Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldetik, biharko Andatza Egunari begira egin duten deialdia, 10:30etan Mikel Laboa plazan: "Igandean, Andatza Egunarekin batera mundu bola Andatzara igoko dugu erreleboka. Dantzarako jende nahikoa animatzen bada, eta lurra baldintza egokietan baldin badago Andatzan ere dantza saio txiki bat egingo dugu". Deialdi hau atzo egin zuten UZZ-koek frontoian, maiatzaren 11n burutuko den Mundumob ekimena prestatzeko lehen entsegu saioan. Herritar ugari animatu zen, "Eman hartu nahi duzun mundua" lemapean burutuko den dantza koreografiatua prestatzeko entsegu saio honetara. Ekitaldi berean, dantza ikasteko aukera izateaz gain, hainbat herri eragileek Mundumob ekimenarekiko atxikimendua adierazi zuten. Guztiek, parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak.