"Gau beranduan" ikuskizunaren estreinaldia, gaur 22:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 4a, 00:00

Atzo gauean Sutegin proiektatu zuten "Bypass" filmarekin hasi dira, Jexux Artze Kultur Elkarteak egunotarako antolatu dituen ekitaldiak. Gaur, "Gau beranduan" izeneko ikuskizuna estreinatuko da, 22:00etan kultur etxeko auditorioan, Petti, Harkaitz Cano eta Joxan Goikoetxearekin. Sarrerarik ez duenak, ekitaldia hasi baino lehen, Sutegin bertan eskuratu ahal izango ditu, 10 euroren truke.

Hilaren 11rako beste hitzordu bat antolatu du Jexux Artze Kultur Elkarteak; "Hil arte bizi" antzezlana. Gaurko eta astebete barrurako iragarria dagoen ekitaldien inguruko zehaztasun gehiago, hemen:

Maiatzak 4, larunbata: "Gau beranduan" ikuskizuna

Emanaldia: "Gau beranduan" ikuskizun musikal poetikoaren estreinaldia.
Partaideak: Petti, Harkaitz Cano eta Joxan Goikoetxea.
Edukia: eraldatu egiten dira paisajeak gau-beranduan. Eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. Giza-piztiak ere berdin: izango da soseguaren bila erretiratuko denik eta baita ehizakiaren xerka abiatuko denik ere. Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau-beranduan. Maitaketa, konspirazioa eta sabotaia zainetan daramaten istorioak. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espreski ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua. Eta amorruak bere malenkonia. Mihise gaineko orban beltz batetik abiatzen den margolaria bezala, hari zerbaiten itxurantza emateko gero. Gau-beranduan eta ilunpeen bihotzean. Egunsentia urratu arte.

Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 8 euro aldez aurretik Lizardi liburu dendan eta 10 euro egun berean.


Maiatzak 11, larunbata: "Hil arte bizi" antzezlana

Edukia: hil arte bizi adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa bat da. Nacho, Angel eta Maria. Bi gizon eta emakume bat eta jakina... gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak... edo ez. Zerbait gertatuko da. Larria izango da beraien adiskidetasuna kolokan jarriko badu. Zer egingo zenuke zure bikoteak zure lagun onenarekin alde egingo balu? Biei barkatuko zenieke? Bietako bati? Zeini? Eta heriotza tartean bada... dena ezberdin ikusten da? Edozer barka zenezake maitasunagatik? Eta adiskidetasunagatik? Min egitea baino egia ezkutatzea hobea da? Zein da zure aukera? Hil arte bizi. Hil arte bizi heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.

 

Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Iker Galartza, Sara Cozar, Joseba Usabiaga.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: aldez aurretik 8 euro Lizardi liburu dendan. 10 euro egunean bertan.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.