"Lege batek indarrez behartuta soilik jarriko da Espainiako bandera"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 4a, 00:00

Ikurriña omentzeko larunbat honetarako Udalak antolatu duen ekitaldiak, aipatu ikurra 1977an legeztatu zenetik hona Usurbilgo alkate izan direnak bildu ditu; Andres Bruño, Martin Larrañaga, Joxe Antonio Altunaren ordez Agustin Lizaso, Xabier Mikel Errekondo eta Mertxe Aizpurua.

Egun alkatetzan dagoen Aizpuruak irakurri du, alkate ohi guztiekin batera adostu duten adierazpena. Adierazpenak, usurbildarrak ikurriñak ordezkatzen dituela dio, ez inposaturiko beste banderek. Eta Espainiako bandera "lege batek indarrez behartuta soilik" jarriko dutela gaineratzen du. 

Hona hemen, jendaurrean Mertxe Aizpuruak gaur irakurri duen adierazpenak, bere osotasunean dioena:

"1977ko urtarrilaren 19an Euskal Herriko zenbait alkateek sustaturiko ekimenari jarraituz, udaletxeko batzar aretoan bildu zen Usurbilgo Udala osatzen zuen udalbatza. Egun hartan, ikurriña ofizialki aintzatetsi zuen mozioa aurkeztu eta onartu zen. Mozioa jasotzen duen aktak honako lerro hauek erakusten ditu, besteak beste: gure nahietako bat, gure bandera edo ikurriñaren onarpen ofiziala da. Gure herriarenak diren berezko eta legezko eskubideak aldarrikatzen dituen ikurra baita. 

San Sebastian bezpera hartan, ia 41 urtez ezkutuan egon zen ikurriña berriz itzuli zen Usurbilgo udaletxeko balkoira. Gordean pasatako orduak ez dira berreskuratzen. Baina memoria bai. Ikurriñak memoria duelako Usurbilen. Behar zuen eta merezi zuen lekua hartu zuen, eta harrez gero hemen izan du bere tokia, herriko banderarekin batera. Gaurko egunez, ikurriña udaletxe honetako balkoira itzuli zenetik gaur egunera arte, Usurbilgo alkate izan garenok udaletxean biltzeko beharra ikusi dugu. Gutariko bakoitza buru izan den agintaldietan, geure burua eta usurbildar gehiengoa ordezkatzen dituen ikurriña izan dugu udaletxeko balkoian. 

Orain aldiz, espainiar estatuak hala aginduta, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera behartuta dago Usurbilgo udala. Hala, eta 1977ko urtarrilaren 19an udaletxe honetako batzar aretoan egin zen biltzar hura gogora ekarriz, honako hau aldarrikatu nahi dugu:?Ikurriña dela usurbildarrak ordezkatzen gaituen ikurra. Inposatu nahi dizkiguten banderek ez dituztela herritar gehienak ordezkatzen eta lege batek indarrez behartuta soilik jarriko dela Espainiako bandera Usurbilgo udaletxeko balkoian. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten, aitzitik ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu. Baina era berean, argi dugu nongoak garen eta zer ordezkatzen gaituen eta ez dugu nahi, behin eta berriz nongoak izan behar dugun errepikatzen digun ikur bat. Administrazio arrotzaren aurrean kalea da, herriaren bilgunea. Horrexegatik plazan emango zaio leku berria, ikurriñari. Tamainan txikia den herria, beste edozein bezain handia dela erakusteko. Aspalditik gatoz eta urrutira goaz.??

Usurbilen, 2013ko maiatzaren 4ean"