Maiatzaren 4ko eguerdiaz geroztik, eta antolatzaileek iragarri moduan, merezitako lekua du ikurriñak Usurbilen. Herritarren bilgunea den udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan jarritako mastatik zintzilik dago jada. Udalak, iragan larunbaterako antolaturiko merezitako omenaldi beroa jaso ostean jarri zuten ikur txuri, gorri eta berdea.
Lehenago, Usurbilgo EH Bilduk herritarrak biltzeko hitzordua jarria zuen Dema plazan. Hainbat usurbildar bertaratu zen Aitzaga atari ondora, aurretik eginiko gonbitari erantzunez, ikurriñak eskutan, edota batzuk soinean bilduta zeramatela. Trikitilariek girotutako kalejirak, Aitzaga ataria udaletxeko plazarekin lotu zuen. Hainbat balkoietan zintzilikatuak zeuden ikurriñen ondotik egin zuen ikurriñaren omeneko kalejirak bere ibilbidea. Kale Nagusira jaitsi ziren lehenbizi, eta handik ekitaldi nagusia burutu den udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plaza aldera jo zuten gero. Hitzordua jarria zegoen unerako, 13:00ak alderako jendetza bildua zegoen aipatu plazan. 1977ko San Sebastian bezpera hartan bezala, ikurriñari merezitako omenaldia egitera. Orduko une hura presente egon zen, txalapartariek hasiera eman eta Leire Iturriotzek aurkezturiko ekitaldian.
"Usurbilek ez du inposaturiko kolore zein banderarik nahi"
Iturriotzek berak zioen, "egun hartan (1977ko San Sebastian bezperan) itzuli zen gu guztiok ordezkatzen gaituen ikurra, Usurbilgo Udaletxeko balkoira. Harrez gero 36 urte pasa dira. Egun hartako argazkia errepikatzea ia ezinezkoa bada ere, berriz ere itzuli gara ikurriñari merezi duen omenaldia egitera. Izan ere, aspaldiko garaietara itzuli garela dirudi. Espainiako gobernuak Euskal Herriko udalerri guztiak Espainiako bandera udaletxe guztietako balkoian jartzera behartzen ditu. Usurbildarrak ordezkatzen ez gaituen ikurrak lehentasunezko lekua hartu behar du, indarrez. Harrotza zaigun herri batean. Gauzak honela, gurea den banderari, ikurriñari omenaldia egin nahi diogu, Usurbilek ez duelako inposaturiko kolore zein banderarik nahi".
Adierazpenetan soilik ez. Larunbateko ekitaldian, 1977ko San Sebastian bezpera hartan, udaletxeko plazan, ikurriñaren legeztatzea zela eta, ongi etorria emateko Joxe Domingo Aizpuruak jarritako bertsoak berriz entzuteko aukera izan zen. Memoria egiterako orduan halere, haratago joan zen aipatu ekitaldia. Urteotan, legegintzaldi desberdinetan alkatetzan egondako hainbat udal ordezkari ere bildu baitzituen, ikurriñaren aldeko omenaldiak. Andres Bruño, gogor borrokatu ostean, 1977ko San Sebastian bezpera hartan osoko bilkura deitu, eta udalbatzak aho batez ikurriñaren aldeko mozioa onartu zenean, alkate zena. Martin Larrañaga, Joxe Antonio Altunaren ordezko alkate Agustin Lizaso, Xabier Mikel Errekondo eta egungo alkatea, Mertxe Aizpurua. Guztien izenean, alkateok adosturiko adierazpena irakurri zuen Aizpuruak.
Ikurriñaren zintzilikatzea
Alkateon parte hartzearekin, ikurriñak Usurbilen izan duen 36 urteotako ibilbidea goraipatu nahi izan da. Ekitaldiko une nagusia halere, udaletxeko arkupeetatik, belaunaldi desberdinetako herritarrek ikurriña handia plazara ateratakoan heldu zen. Plazako sarrera ondoan, duela egun batzuetatik jarria zegoen masta ondorainoko bidea egin zuten. Bertan, ikurriña sokari ondo heldu, eta bertaratutakoen txalo artean zintzilikatu zuten txuri, gorri eta berde koloreko euskaldunen sinboloa. Dantzarien agurra jaso zuen ikurriñak, eta ondoren, Kantu Taldekoek girotu eta herritarrekin batera hainbat abesti gogoangarri kantatu zituzten, ekitaldiari amaiera emanez.
Auzitegiek aginduta, espainiar bandera jartzera behar dute Usurbilgo Udala. Baina egunotan errepikatu duten moduan, "gurea" zein den argi utzi zuten larunbateko ekitaldian; jada, leku ikusgarri batean zintzilik dagoen ikurriña.