Jai Batzordeak finkatua du, herriko festak prestatzeko hurrengo bilera hitzordua. Asteazken honetarako, maiatzaren 8rako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Adi bestalde, datozen Santixabelei loturiko beste bi deialdi hauei:
"Nork merezi du?"
Aurtengo herriko festei hasiera nork emango dion erabakitzeke dago oraindik. Jai Batzordetik beste modu batean lotu nahi dute, Santixabeletako txupinazoa jaurtitzeko ohorea norena izango den. Horretarako, “Nork merezi du?” izenburupean, festak inauguratuko dituen suziria nork piztuko duen erabakitzeko herritarren proposamenak bildu nahi ditu Jai Batzordeak. Ekarpenak, kultura@usurbil.net helbidera bidali daitezke, edo zuzenean, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira eraman, maiatzaren 24a baino lehen.
Egitarau lehiaketa abian
Txupinazoa nork botako duen bakarrik ez, aurreko urteetan bezala, 2013ko Santixabelen berri emango duen egitarauaren diseinua ere herritarren esku utziko du Jai Batzordeak. Maiatzaren 25era arte aurkez daitezke lehiaketa honetarako lanak. Egitaraua diseinatzeko testua Potxoenean eskura daiteke. Gogoan izan, testu horretan oinarrituta marraztu behar baita egitarauak izango duen itxura. Ohi bezala, lanaren neurria librea izango da. Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira, egilearen inongo seinalerik gabe. Egilearen datuak berriz, hau da, izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbidea, aparteko gutunazal itxi batean adieraziko dira. “Gutunazalean, izengoiti bat jarriko da, eta izengoiti hori bera agertuko da aurkeztutako lanaren atzealdean”, diote egitarau lehiaketako oinarriek. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Argibide gehiago: 943 371 999 edo kultura@usurbil.net