Abiatu da Mundumob ekimena, larunbat honetan Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 6a, 00:00

Iragarri moduan, Mundumob ekimeneko abestiaren erritmora dantzan hasiak dira gipuzkoarrak. Orendaingoak izan dira lehenak, larunbatean, ondoko argazkiak erakusten duen moduan. Ibarran ere burutu dute saioa. Larunbat honetan, maiatzaren 11n, Usurbila helduko da Mundumob. 18:00etan, frontoian, "Eman hartu nahi duzun mundua" lemapean. 

Usurbil Zero Zabor taldeak antolatuta, lehen entsegu saioa burutu zen ostiralean frontoian. Hurrengo saioa, gogoan izan, ostiral honetan, maiatzaren 10ean, 19:00etan frontoian. Atzo ere eskuz esku, Mundumob ekimeneko irudi den mundu bola eskuz esku Andatzara igo zuten. Ostiraleko lehen entsegu saiora bueltatuz, hainbat herritar gerturatu ziren hitzordura, dantzara. Tartean, herri eragile desberdinetako ordezkariak. Agerraldia burutu zuten pilotalekuan. Hauxe, ekitaldian irakurri zuten adierazpena:

"Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumoben helburua: "Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra". Iraunkortasunaren aldarrikapena da azken finean egingo duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu: "Eman hartu nahi duzun mundua".

Mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatu bat izango da. Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen. 

Besterik gabe, parte hartzera animatu nahi zaituztegu, guztion esku baitago guretzat eta gure ondorengoentzat etorkizun hobeago bat lortzea. Eman hartu nahi duzun mundua!".

Irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.