Zubieta eta Artzabal, datorren Olatu Talkako eskenatokietako bi

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 7a, 00:00

Maiatzeko azken asteburuan, hilaren 24, 25 eta 26an ospatuko den Olatu Talka aurkeztu dute gaur. Olatu Talkaren helburua, "gizakion sortzeko energia eta konpartitzeko gaitasuna ikustarazteko plataforma izaten jarraitzea eta zeregin hori indartzea da. Hau gauzatzeko, dimentsio eta tipologia ezberdineko, diziplina anitzeko, sormenak gurutzatu eta batura egitetik sorturiko programazio zabala eskainiko du Olatu Talkaren laugarren ekitaldiak, hiria eta lurraldea jarduera eta jarrera libreago, sortzaileago eta anitzagoz zipriztintzeko". Ekitaldion bidez, "Donostia 2016ren balioak" hedatu nahi dituzte antolatzaileek.

Olatu Talkaren laugarren edizio honetarako 150 ekitalditik gora programatu dituzte, tartean, Donostiaren bigarren mendeurrenari loturiko bi ekimen; "Errautsak bihotzean" ikuskizuna eta Zubieta Donostiarekin lotuko duen "Ziklobia" ekimena. Azken ekimen hau hain zuzen, maiatzaren 26rako (igandea) antolatu dute, 10:00-16:00 artean. Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako kanpusetik hasi eta Zubietaraino doan errepidea itxi egingo dute autoentzat, N-1 errepidea alegia, aipatu egun horretako ordu tarte horretan. Egunero autoak ibili ohi diren bide honetan, oinez ibili ahal izango da, patinekin, bizikletan... Eta ez hori bakarrik. Bidean, musika, dantza, tailer, ipuin kontaketa eta abarreko 35 kultur ekintzez gozatu ahal izango da, guneotan: Zubietan bertan, Añorgan, Ibaetan eta baita Grosen ere. 

Errebote partida, tailerrak, kalejirak...
Bezperarako, hau da, maiatzaren 25erako Oria ibaia garbitzeko ekitaldia antolatu dute Zubietan. Eta Usurbilen bertan, Artzabalen, Talkal!ve zuzeneko musika zirkuituaren baitan, "Azkaiter Pelox Band" taldearen emanaldia. 

Maiatzaren 26ko "Ziklobira" ekimenera bueltatuz, Olatu Talkaren web orria, gune desberdinetan izango diren ekitaldien berri ematen ari da. Hauexek dira, Zubietan iragarri dituzten hitzorduak:
10:30 Euskal ikurrak, irudiak eta grafia tailerra.
10:30 Euskal Ligako errebote partida.
10:30 Historia origamiaren bidez.
11:00 Kultur hiriburuen eskusoinuak.
11:00 Eguzki-hamaiketakoa.
12:30 Pilota-joko tradizionalak.
12:45 Kontrapas.
13:30 Konpa(rt)s-eroak Zubietan.

Zehaztasun gehiago: www.olatutalka.eu