Lau egun baino ez dira geratzen, Mundumob ekimena Usurbilen grabatzeko. Larunbatean helduko da udalerri honetara, Usurbil Zero Zabor taldekoen eskutik, "Eman hartu nahi duzun mundua" lemapean. 18:00etan izango da grabazioa Dema plazan. Ospakizun artean burutuko da hitzordua. Grabaketa aurretik, azken entsegu saioa egingo da, 17:00etatik aurrera leku berean. Aipatu moduan, ordubete beranduago ekimena bera burutuko da. Eta larunbat arratsaldea borobiltzeko, Mundumob ekimena irudikatu duen mundu bolarekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da. DJ batek arratsaldea girotuko da, eta zizka mizkak ere izango dira.
"Parte hartzera animatu nahi zaituztegu, guztion esku baitago guretzat eta gure ondorengoentzat etorkizun hobeago bat lortzea. Eman hartu nahi duzun mundua!", luzatu zuten gonbita herri eragile talde batek, joan den ostiralean burutu zuen agerraldian.
Sarean eta frontoian, dantza ikasteko aukera
Mikel Erguinek sortu duen dantza koreografiatuko pausoak ikasteko egun gutxi geratzen da beraz. Adi beraz, larunbatean 17:00etan izango baita azken entsegu saioa. Aurretik, ostiral honetan ere, 19:00etan frontoian, dantza ikasteko aukera egongo da, Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta herritarrekin. Noiznahi, eta nork bere kontutik, dantza saio honetan trebatzeko aukera izango du. Sarean, pausoak irakasten dituen bideo bat ere zintzilikatu baitute antolatzaileek, www.zerozabor.org web orrialdean.
Laburbilduz, hemen, deialdi guztion ordutegiak:
Maiatzak 10, ostirala
19:00 Entsegua frontoian.
Maiatzak 11, larunbata
Dema Plazan:
17:00-18:00 Entsegua.
18:00 GRABAKETA
Ondoren: Zizka mizkak, DJ eta Mundu bolarekin argazkia ateratzeko aukera.