Lur sailak zozketa bidez esleitu eta beharrezko prestakuntza jaso ostean, lurra lantzen hasiak dira Usurbilgo 54 sendi, Agerreazpin kokaturik dauden udal baratzeetan. Batzuk, ustiatzeko 30 metro karratuko eremua dute, besteek halako bi, 60 metro karratuko eremua. Ustiatzaile izateko lehentasuna zuten, langabetuek, jubilatuek, pentsiodunek, gazteek eta konpostatze komunitarioan dihardutenek.
Ustiatzaileek autokontsumorako ekoiztu ahal izango dute, ezingo dute baratzeotatik jasotakoa saldu. "Baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskainiko du", adierazi dute gaur. Baratze parke hauen bidez, besteak beste, sentsibilizazioa bultzatu nahi dute. Bertako produktuak ekoizteak duen lanaz jabetzea sustatu nahi dute, lurrak esleitu zaizkien herritarren artean. Aipatu moduan, Agerreazpin lurra lantzen hasi direnek, ikastaro bat egin dute, eta hemendik aurrera, "erabiltzaileek hilero jarraipen tutorial bat izango dute euren kezkak eta zalantzak argitzeko".
Udal baratzeen sarreran, lanabesak, aldagelak eta askak dituzte, euren lanerako lagungarri izango zaizkienak. Baina Udalarena den lur sail hauetan, konpostagunea eta ikastaroak emateko lekua ere izango dira aurrerantzean. Halere, hori baino gehiago izango da Agerreazpiko gunea. "Aisialdi aktiborako topagunea izango da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz", adierazi dute gaur.
Argibide guztion berri gaur goizean eman dute udal baratze egitasmo honen sustatzaileek, Agerreazpi eremuan. Bertan eskaini baitute prentsaurrekoa, ondoko argazkian dituzuen Mertxe Aizpurua alkateak, Ibon Goikoetxea ingurumen alorreko udal teknikariak eta Mikel Insausti Kutxa EKOGUNEko zuzendariak. Elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egin asmo dute, Usurbilgoa bezalako baratze parke egitasmoen bidez.
Web orrialdea, beste topagunea
Usurbilgoa Gipuzkoa mailan martxan jarri den bigarren udal baratze egitasmoa da, Lezokoaren ostean. Tolosa eta Ekoguneko udal baratzeak zabalduko dira hurrengo hilabeteetan. "Gipuzkoako baratzak martxan jarri ahala, Baratze Parke Sarea gauzatuko da. Honen bitartez, Kutxa EKOGUNEAk informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du, erabiltzaileen zalantzei erantzuteko eta informazioa trukatzeko edota ekitaldiak antolatu ahal izateko", berri eman dute gaur. Gai honi buruzko argibide gehiago, www.baratzeparkea.ekogunea.net web orrialdean jaso daiteke. "Honen bidez, erabiltzaileek Baratze Parkea Sareko informazio guzti eskuragarri izango dute: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak... Bestalde, Baratzea Parkea Sareko kideek foroan parte hartzeko aukera izango dute. Modu honetan, herri ezberdinetako Baratze Parkeko partaideek elkar ezagutzeko eta informazioa zein gomendioak elkar trukatzeko aukera izango dute", adierazi dute egitasmo honen eragileek.