Jai Batzordea bilduko da gaur, 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 8a, 00:00

Herriko festak prestatzeko hurrengo bilera hitzordua gaurko jarria dago. Asteazken honetarako, maiatzaren 8rako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Adi bestalde, datozen Santixabelei loturiko beste bi deialdi hauei:

"Nork merezi du?"
Aurtengo herriko festei hasiera nork emango dion erabakitzeke dago oraindik. Jai Batzordetik beste modu batean lotu nahi dute, Santixabeletako txupinazoa jaurtitzeko ohorea norena izango den. Horretarako, “Nork merezi du?” izenburupean, festak inauguratuko dituen suziria nork piztuko duen erabakitzeko herritarren proposamenak bildu nahi ditu Jai Batzordeak. Ekarpenak, kultura@usurbil.net helbidera bidali daitezke, edo zuzenean, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira eraman, maiatzaren 24a baino lehen.

Egitarau lehiaketa abian
Txupinazoa nork botako duen bakarrik ez, aurreko urteetan bezala, 2013ko Santixabelen berri emango duen egitarauaren diseinua ere herritarren esku utziko du Jai Batzordeak. Norbanako zein taldeak, "nahi adina lan" aurkeztu ditzakete, euskaraz. "Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun", diote lehiaketako oinarriek. Egitaraua diseinatzeko testua Potxoenean eskura daiteke. Gogoan izan, testu horretan oinarrituta marraztu behar baita egitarauak izango duen itxura. 

Ohi bezala, lanaren neurria librea izango da. Diseinuak egitarauaren orri guztiak hartu behar ditu bere baitan. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak agintzen duen modura. Udal berdintasun teknikariak aholkua eskaintzen du honen inguruan", adierazi dute antolakuntzatik.

Maiatzaren 27ra arte
Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira, egilearen inongo seinalerik gabe. Egilearen datuak berriz, hau da, izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbidea, aparteko gutunazal itxi batean adieraziko dira. “Gutunazalean, izengoiti bat jarriko da, eta izengoiti hori bera agertuko da aurkeztutako lanaren atzealdean”, diote egitarau lehiaketako oinarriek. 

Egitarau lehiaketako irabazlea, Jai Batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi kidek eta kultura zinegotziak osatuko duten epaimahaiak erabakiko du. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzi handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari", oinarrien arabera. Gainera, "lan irabazlea aukeratzerakoan, epaimahaiak kontuan izango du lana inprimatzeak izango duen kostua. Inprimaketa kostuak beti ere bat etorri behar du udalak aurreikusita duen aurrekontuarekin. Gehiegizko gastua lana baztertzeko arrazoia izan liteke".

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Baina, "saria eman gabe geratu ahal izango da, baldin eta aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik". Beste hiru ohar; lanaren jatorrizko diseinuak inprimatzerakoan aldaketaren bat izan lezake; lehiaketara aurkeztutako lanekin Udalak erakusketa bat egin lezake; lehiaketan parte hartzeak ezinbestean dakar oinarri hauek onartzea.

Maiatzaren 27ra arte aurkez daitezke lehiaketa honetarako lanak. Helbide honetan: Usurbilgo Udala, Kultura Saila. Jose Martin Sagardia Plaza z.g. 20170 Usurbil.

Argibide gehiago: 943 371 999 edo kultura@usurbil.net