Presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, datozen asteotan

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 8a, 00:00

Maiatzaren 18 eta 19ko astebururako euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak deitu dira Usurbilen. Batetik, Euskal Herriko beste hainbat plazetan bezala, hilaren 18rako Herrirak, "Goazen plazara" ekimena antolatu du. Herritarrei Herriraren koloreko, hau da, kolore urdineko kamisetekin agertzera deitzen zaie Dema plazara, eguerdian.

Biharamunerako bestalde, hilaren 19an ospatuko den Sagardo Egunerako alegia, Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak ekitaldia deitu du 13:00etan Mikel Laboa plazan. “Gure senide preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea eta txotx berezia egingo dugu”, iragarri dute. Ez ahaztu bestalde, maiatzeko azken ostiraleko mobilizazioa. Oraingoan hilaren 31n, 20:00etatik aurrera frontoi atzean.

Eta azkenik, ekainaren 2an Oiartzunen ospatuko den Lasterbidean ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzen zaie usurbildarrei. Etxerat-ek antolatu du, Euskal Herri mailako presoen eskubideen aldeko kirol ekimen hau. “Presoak laster bidean izatea espero dugulako, laster etxera herrira bidean alegia, usurbildarrak ere lasterketa honetan parte hartzera deitzen ditugu”, luzatu dute gonbita. Lasterketa honi buruzko informazio gehiago: lasterbidean.com