Larunbat honetan, maiatzaren 11n, Dema plaza betetzeko gonbita luzatzen die usurbildarrei, Mikel Erguin Mundumob ekimeneko dantza sortu duen koreografoak. Bera izan zen baita, duela bi urte, 2011n Zubietan grabatu zen flashmob ekimeneko pauso sorta asmatu zuena. "Magikoa, oso magikoa izan zen. Sorpresa izan zen 2000 herritar dantzan jartzea", adierazi dio NOAUA!ri. Hiru egun barru, Dema plazan grabatuko den Mundumob ekimenean parte hartzeko deia luzatzen die usurbildarrei. "Jarraitzeko zareten bezalakoak izaten, kriston indarra daukazue, Dema plaza betetzeko, duela bi urteko magia errepikatzeko eta zaila izango bada ere mejoratzeko alaitasunez eta borobiltzeko", adierazi du Erguinek, aste honetako NOAUA! aldizkarirako.
Gogoan izan, larunbatean 18:00etan grabatuko da Mundumob Dema plazan. Aurretik, 17:00etatik aurrera dantza entseatzeko aukera izango da. Baita ostiral arrastaldeko 19:00etan ere, frontoian. Maiatzaren 11ko ekimena, jai giroan burutuko da, Usurbil Zero Zaborrek igorri digun egitarauan ikus daitekeen moduan:
Maiatzak 10, ostirala
19:00 Entsegua frontoian.
Maiatzak 11, larunbata
Dema Plazan:
17:00-18:00 Entsegua.
18:00 GRABAKETA
Ondoren: Zizka mizkak, DJ eta Mundu bolarekin argazkia ateratzeko aukera.
Antolatzaileen gonbita
"Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumoben helburua: "Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra". Iraunkortasunaren aldarrikapena da azken finean egingo duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu: "Eman hartu nahi duzun mundua". Mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatu bat izango da. Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen”, adierazi zuten. Hainbat herri eragileek atxikimendua adierazi zuten ekitaldian bertan. Guztiek larunbat honetako hitzorduan parte hartzera animatu zituzten herritarrak, “guztion esku baitago guretzat eta gure ondorengoentzat etorkizun hobeago bat lortzea. Eman hartu nahi duzun mundua!".
Irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.