Usurbilgo Ernai, M30eko greba orokorraz: "Ez dezatela esan borrokak ez duenik balio"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 9a, 00:00

Maiatzaren 30erako euskal gehiengo sindikalak eta hainbat eragilek deitu duten greba orokorrari begira, Usurbilgo Ernaik, hiru aste barru burutuko den 24 orduko lan uzteari begirako irakurketa helarazi du NOAUA!ra. "Has gaitezen bada keinu batekin", mezu hau helarazi nahi dute gazte antolakunde berritik. Bilgunetik gogorarazten dutenez, "gauzak ez dira diren moduan izatez, bizi eredua eraiki egiten da. Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku? Izan gaitezen osotasunean geure bizitzen jabe". Horregatik keinu batekin hasteko gonbita luzatzen dute.  "Elkarrekin antolatuz, eskuz esku borrokatuz, erabakiak determinazioz hartu eta garatuz, aldaketari ekingo diogu", adierazi dute.

Hona hemen, maiatzaren 30erako deitua dagoen greba orokorraren inguruan, Usurbilgo Ernaik egin duen gogoeta:

EZ DEZATELA ESAN BORROKAK EZ DUENIK BALIO
Keinu batek ezer alda ezezakela zioten. Gauzak diren modukoak direla, ezin daitezkela irauli, halakoa dela euren egoera "naturala". Beltzek ezin zurien alboan jesarri. Gose direnak ezin soberan duenarena dena uki. Gazteak ezin amestu. Determinazioz eginiko hautu batek ordea aldaketa ekarriko duen mugimendua piztu dezake. Autobuseko eserlekutik ez altxatzea erabaki zuen Rora Parks-ek eta arrazagatiko bereizkeriarekin bukatuko zuen mugimendua gorpuztu zen atzetik. Supermerkatuan ostutako janaria behar zutenei banatzea erabaki zuten SATeko kideek. Supermerkatuan ostutako oinarrizko elikagaiak beharra zutenen artean banatzean sistema kapitalista ankerraren aurpegia erakutsi ziguten. Gazteak kartzelaratzea kostako zitzaiela irmoki esan eta herri harresiaren lehen harria jarri genuen Donostian. Borrokak ez duela ezertarako balio esaten digute behin eta berriz geldirik nahi gaituztenak. Gu zapaltzen jarraitzeko geldirik nahi gaituztenak. Baina gure borreroek sumiso nahi bagaituzte ez al da mugitzea zentzuzkoena? Keinu batekin hasten da dena.

Maiatzaren lehena igaro da eta hile amaieran sindikatu eta eragile sozialek deitutako Greba Orokorraren txanda izango da. Baina gure ahaleginak egun huts horietara soilik bideratzen baditugu, alferrik gabiltza. Maiatzaren 2an ere 1ean bezain beste dugu eraikitzeko. Borroka alferrikakoa dela diotenei, borroka alferrikakoa dela (sin)etsita bizi direnei, nahasiak daudela erakutsiko diegu. Elkarrekin antolatuz, eskuz esku borrokatuz, erabakiak determinazioz hartu eta garatuz, aldaketari ekingo diogu. Gauzak ez dira diren moduan izatez, bizi eredua eraiki egiten da. Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku? Izan gaitezen osotasunean geure bizitzen jabe. 

Has gaitezen bada keinu batekin!!! #KEINUBAT"

Informazio gehiagorako: http://www.keinubat.blogspot.com.es/